Ane URKIRI ANSOLA

IRUDI ETA EREDU; LEHIAKORTASUNETIK, ALDARRIKAPENETIK ETA HURBILTASUNETIK

Hurrengo astean Donostiak hartuko du Kopako azken fasea. Bera Berak titulua defendatuko du etxean, baina gaur bertan beste erronka handi bat dauka, Malagaren aurka lehiatuko baita ligako finalerdietan. Kantxatik at, hausnarketetan murgildu dira Menendez, Arrojeria, Loidi, Aalla eta Karsten, klubak antolatutako solasaldian.

Esther Arrojeria eta, atzean, Alba Menendez, Gascara joandako zaleak agurtzen, EHF European Leagueko kanporaketan.
Esther Arrojeria eta, atzean, Alba Menendez, Gascara joandako zaleak agurtzen, EHF European Leagueko kanporaketan. (Jon URBE | FOKU)

Irudi eta eredu izatea ez delako soilik lehiatzea, kantxan zure onena ematea. Harago doan fenomenoa izan daiteke, lidergotik hurbiltasunera; lehiakortasunetik aldarrikapenetara. «Kantxa barruan agian ez zait hainbeste ikusten, baina badaude beste kontu batzuk hainbeste ikusten ez direnak eta bete egin behar direnak», dio Alba Menendezek, Bera Berako kapitainaren ikuspegitik.

Zarauztarra 15. denboraldia jokatzen ari da lehen taldean. 17 urterekin iritsi zen, Tati Garmendia izan zuen kapitaina hasieran, eta ondoren, Matxalen Ziarsolo. Bere ereduak izan dira eta oraindik ere, egoera zehatz batean, galdetzen dio bere buruari ea «Matxalenek nola kudeatuko zukeen».

«Taldeko dinamikak asko aldatu dira. Iritsi nintzenean Tati [Garmendia] zen kapitaina. Taldea ere zaharragoa zen, gazte gutxiago geunden eta dinamika beste bat zen. Denboraren poderioz, neuk ere aldatu egin behar izan dut, ikasi egin behar izan dut, egokitu. Oraingo gazteek ez dituzte onartzen lehen onartzen ziren gauzak, onerako eta txarrerako, eta hauek kudeatzen jakin behar da», esan du Menendezek.

«Jokalarien alde borrokatzen duen» kapitain bezala deskribatzen du June Loidik Menendez, eta bere diskurtsoan ere ederki azaleratzen da kualitate hori. Donostiako Aquariumean klubak antolatutako mahai ingurua -izan ere, “Irudi eta eredu” izenburupean, Iris Moreno kazetariak gidatuta- ederki probestu zuen baldintza hobeak eskatzeko.

«Borrokak izan behar du %100 profesional izatea. Duela urte batzuetatik 11 hilabetez kobratzen dugu, baina lortu behar dugu urteko 12 hilabetetan izatea eskubaloiko jokalari profesionalak. Honek sakrifizio ekonomiko handia suposatzen du, baina helburuak hori beharko luke», esan du, ahobizarrik gabe.

OSASUN MENTALA ETA EXIJENTZIA

Maddi Aallak osasun mentala hizpide izan zuen, beste kontu batzuen artean, «presio handia jasaten baitugu». «Espero da titulu guztiak irabazteko borrokan egotea, eta presio horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Denborarekin ikasten da. Gaur egun normalizatua da osasun mentalaren gaia eta horrek egiten du jokalariok ere modu naturalean jorratzea. Kirol ibilbide batean etapa ezberdinetatik igarotzen zara, eta ongi dago laguntza eskatzea», adierazi du.

Kirol psikologoaren figura aurreko urteko urtarrilean sartu zen, nolabait, Bera Beraren talde teknikoaren barnean. Aurretik, beste egoera batean, lan eginda zeuden psikologo batekin, baina oraingoak jarraipen handiagoa dauka. Hau ere bada garaiak aldatu diren seinalea.

Aldatu ez dena exijentzia maila da: altua, norberarekiko zein bestearekiko. Denek nahi dute irabazi, are gehiago Bera Bera bezalako talde batean jokatuta. Gipuzkoarrak azken hilabete erabakigarrienean murgilduta daude. Gaur Malagaren aurka jokatuko dute ligako finalerdietako joanekoa, Gascan, 19.00etatik aurrera. Eta hurrengo astean Kopako azken fasea jasoko du Donostiak.

«Hainbeste hilabeteren ostean, nekea igartzen da, bai fisikoa bai mentala. Baina denboraldiko garai politenean gaude, bai eta gogorrenean ere. Bihotzarekin jokatzen diren partidak datoz», azaldu du atezain bizkaitarrak.

Bi erronka handi ditu taldeak eta, Elke Karstenen aburuz, gaur «irabaztea ez da soilik onuragarria itzulerako partidara begira, baizik eta hauspoa da Koparako ere».

Bakoitzaren rola, pistan zein pistatik at, taldearen kohesiorako oinarrizkoa dela uste du Karstenek eta, era berean, belaunaldi berriekiko ikurra izatearen «ardura» nabarmendu nahi izan du Aallak. Menendezen ustez, «gazteek zorte handia daukate gu bezalako ereduak edukitzean, guk ez baikenuen apenas erreferentziazko emakumerik izan». Hain zuzen ere horregatik, beraiek eduki ez zuten eredu hori islatu nahi izatearen ondotik, «ahalik eta gertukoenak izaten saiatzen gara». «Jende normal moduan ikusten gaituzte, eta horrek are bereziago egiten du harremana», berretsi du Aallak.

«Ilusio asko egiten du jendea zuregana hurbiltzeak. Junek gu jokatzen ikusteak ere esan nahi du zahartzen ari garela [barrezka]. Baina oso polita da zure taldekide batek zu erreferentzia moduan ikustea, eta sekulako hauspoa da hurbiltzen den jende oro. Emakumezkoen eskubaloiaren hazkundearen isla ere bada, eta horren arrazoietako bat duela bi urte Donostiak jaso zuen Kopa da; jende asko harrapatuta geratu zen», adierazi du Arrojeriak.

Bi urte geroago, Menendezek eskatu legez, berriro Donostiak hartuko du Kopako azken fasea. Kapitaina ziur dago antolakuntza aldetik hobekuntza asko izango direla eta jende gehiago hurbilduko dela. Koparen bultzada hori bihar bertan ere sentitu nahi dute, berebiziko garrantzia duen ligako partidan: «Noski, irabaztea da helburua eta nahia, baina jende ahalik gehien harmailan batzea gustatuko litzaiguke. Animatzera etor daitezela, guk gure ahaleginarekin eskertuko dugu. Eta, bi indar horiek batzen baditugu, gauza oso politak etor daitezke».

“Indar urdina” da aurtengo denboraldiko leloa eta bultzada horren une gorena izan zen Solaren aurkako EHF Europe Leagueko kanporaketa. Arrojeriak beti gogoratuko du, nahiz eta kanporatuak izan, zaleek bufandak eskuekin eutsi eta nola animatu zuten taldea: «Etxean jokatu ditugun partida garrantzitsu guztietan zaleek oso ondo erantzun dute».