Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Zortzimilakoen gidoiak ez du ia aldaketarik udaberriko denboraldian

Nahiz eta Nepalek iragarri zuen helikopteroen erabilera murriztuko zuela, inoizko trafiko handiena izaten ari da Everesten eta Annapurnan. Txinako agintaritzak, berriz, Shisha Pangma itxi du.

Nepalgo Gobernua ez da betetzen ari duela bi hilabete iragarritako zenbait neurri.
Nepalgo Gobernua ez da betetzen ari duela bi hilabete iragarritako zenbait neurri. (SEVEN SUMMIT TREKS)

Montzoi aurreko edo udaberriko denboraldiak aurrera jarraitzen du Himalaian. Eta zortzimilakoetan gertatzen ari denaren inguruan, badirudi azken urteotako egoerak ez duela aldaketarik. Eta hori diogu, espedizio komertzialak berriro arreta gunea bilakatu direlako. Horrekin guztiarekin, gainera, ezusteko albisteak iristen ari dira.

Everesten, adibidez, aurreko kronika batean aipatu genuen Nepalek zenbait neurri hartu zituela, hegoaldeko kanpaleku nagusian eta haren magaletan gertatzen ziren kalapitak murrizteko. Horietako bat zen helikopteroen erabilera mugatzea. Hots, soilik oinarrizko kanpalekura tresneria eramatea baimentzen zuen. Eta, jakina, balizko erreskate baterako.

Bada, iragarritako neurri hori ez dira betetzen ari. Guztiz kontrako egoera bizitzen ari dira. Kanpaleku nagusira ez ezik helikopteroak bigarren kanpalekura arte (6.400 m) ere iristen ari dira. Gogoratu behar da Khumbuko izotz jauzi erraldoia ekipatzeko langile nepaldarrek arazo ugari izan zituztela eta, hortaz, Everest behetik gora hornitzeko lanak atzeratu zirela.

Helikopteroen lanari esker, agentzia komertzialak azkartzen ari dira aipatu dugun atzerapen hori. Nepalgo berriemaile batzuek adierazi dute egungo agentzia boteretsuena, Seven Summit Treks, izan dela presio hori egin duena: «Agentzia horretako zuzendari Mingma Xerpak eskaera hori egin du; hots, helikopteroen erabilera handitzea. Hori egin ezean, aurtengo denboraldiak gailurrik gabe bukatuko luke. Bederen, baieztatu daiteke helikopteroek bigarren kanpalekua hornitu dutela. Bide batez, neurri aldaketa horrek langileen segurtasuna bermatzen ari da; izan ere, Khumbuko glaziar arriskutsua hainbat aldiz zeharkatu behar dute tresneria eta zama guztiarekin. Aldiz, ingurugiroa babesteko hartutako neurria bertan behera geratzen da. Helikopteroen zarata oso handia izaten ari da. Horrez gain, zenbait helikopterok bezeroak bigarren kanpalekutik oinarrizkora jaitsi dituzte. Eta hori debekatuta zegoen».

Dena den, Nepalek hartutako erabaki bat indarrean du. ‘The Himalayan Times’ agerkariak baieztatu du droneak erabiltzen ari direla bigarren kanpalekutik oinarrizkora zaborra jaisteko. Duela hilabete bat hasitako kanpaina hori ez da Everestera bakarrik mugatzen. Himalaiako zortzimilakoetatik 10 tona zabor jasotzea dute helburutzat.

TXINAREN JARRERA

Bien bitartean, Everesteko iparraldeko isuritik, hots, Tibetetik, igo nahi duten mendizaleak zain daude. Txinako Gobernua munduko mendi garaiena eskalatzeko baimenak eta bisak kudeatzen ari da oraindik. Informazio batzuek diote atzerapen hori luzatuko dela beste egun batzuk. Gaineratu dute, denboraldia ekainaren lehenbizikoan amaitu ordez, hilaren 10era arte luzatuko luketela. Baina hori ez dute erabat baieztatu.

Egoera hori ikusita, agentziek hilabete bat soilik dute aurretik isuri horretan soka finkatzeko eta bezeroak gailurrera eramateko. Irakurtzen den bezala, dena zintzilik dago, eta, iragarri dutenez, hainbat mendizalek erabaki dute espedizioa hasi aurretik etxera itzultzea.

Ez da Txinak hartu duen erabaki bakarra. Cho Oyurekin gertatu den bezala, Pekingo Administrazioak Shisha Pangma ixtea erabaki du. Hots, ez du baimenik emango zortzimilakoen artean txikiena dena igotzeko. Azken urteotan, batez ere pandemiarekin batera, mendi hori ez da ia ukitu. Udaberriko denboraldi honetan, berriz, makina bat mendizale prest ziren Shisha Pangman ibiltzeko. Horien artean dira hamalau zortzimilakoen zerrenda biribiltzen saiatzen ari direnak.

Gogoratu behar dugu Tibeten dagoen mendi hori izan zela igo zen azken zortzimilakoa. Hain zuzen ere, orain 60 urte betetzen dira.

ANNAPURNA

Zortzimilako horri dagokionez, aipatu behar da egoera bitxi batekin topo egin dutela. Lasai asko esan daiteke Annapurnak izan duen denboraldi motzena bizi izan duela. Hirugarren kanpalekura soka finkoak iritsi zirenean, leiho on bat zabaldu zen eta mendizaleek baldintza egoki hori aprobetxatu zuten lehen gailurrak lortzeko.

Lehen tontor horiek sinatu bezain laster, agentziek lan guztiak bertan behera utzi eta Annapurna hutsik utzi zuten. Badirudi, zortzimilako horretan presaka ibili direla. Annapurnaren puntu garaienean egon direnek baieztatu dute ospakizunetarako ez dutela astirik izan. Eskuarki, kanpaleku nagusian ohiko pastelarekin eta festarekin alaitzen dute lortutako arrakasta. Baina udaberriko denboraldi honetan, hirugarren kanpalekuan mendizaleak hartu eta helikopteroz Katmandura eraman dituzte zuzenean. Irina Galay ukrainarrak, adibidez, apirilaren 12an tontorra lortu zuen: «Biharamunean, hirugarren kanpalekuan esnatu nintzenean, hainbat mendizale helikopteroz ebakuatzen ikusi nituen. Batzuk osasunez ondo zeuden, eta erabaki hori hartu zuten. Beste batzuk, ordea, egoera kaskarrean zeuden».

Horrek guztiak esan nahi du Annapurnak soilik bi asteko zurrunbiloa bizi izan duela. Lehenbiziko mendizaleak martxoaren amaieran heldu ziren kanpaleku nagusira. Girora egokitzeko, pare bat fasetan lehen eta bigarren kanpalekuetan egon ziren. Eguraldia okertu bezain laster, mendizale ia gehienak Pokhara herrira jaitsi ziren atseden hartzera. Bitartean, mendiko langileek aukera izan zuten hirugarren kanpalekua antolatu eta laugarrena soka finkoekin hornitzeko.

Arestian aipatu dugun leiho on hori iritsi zenean, Annapurnak berriro mugimendua berreskuratu zuen eta gailurrak iritsi ziren.

Oinarrizko kanpalekura berandu heldu zirenek, berriz, arazo handiak izan zituzten aklimatazio fasearekin. Horietako batzuek bederatzi egun egin zituzten zortzimilako horretan, eta, hala ere, Annapurnaren tontorra zapaltzeko aukera izan zuten.

Bien bitartean, Alemanian bizi den Flor Cuenca perutarrak gertakari bitxi bat aipatu du. Annapurna igotzeko jarrera ezberdina erabili du. Hots, ez du oxigeno gehigarririk erabili, ezta mendiko langileen laguntza ere. Tresneria guztia eta denda bizkarrean eraman ditu. Baina hirugarren kanpalekuan zela, gustuko ez zuen erabaki bat hartu zuen: «Allie Pepper australiarra laguntzen ari zen Mikel Xerpak aholkatu zidan soka finkoak jartzen ari ziren langileei jarraitzea, denbora gutxian tontorrean egongo ginelako. Zoritxarrez, lumazko trajea kanpaleku nagusian nuen. Xerpak, nire egoera ikusita, oinarrizko kanpalekuan zen helikoptero bati eskatu zion lumazko trajea eta eskularru batzuk igotzeko. Horrela iritsi nintzen gailurrera».

Zortzimilako horrek izan dituen igoera horien guztien artean beste bat aipatu behar dugu: Nima Rinji Xerparena. 17 urte ditu eta hamalau zortzimilakoak igotzen mendizale gazteena izan nahi du. Annapurnarekin hamabi ditu, eta azken hori oxigeno artifizialik gabe igo du. Helburu bera duten beste bi mendizale daude: Shehroze Kashif pakistandarra eta Adrianna Brownlee britainiarra.