Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Nadia Erostarbek hasiera bikaina eman dio Challenger Series zirkuituari

Maiatzaren 4an amaitu zen Gold Coasten CS mailako lehenbiziko txapelketa. Erostarbe final laurdenetan izan zenez, bosgarren postuan da rankingean. Lehen mailara igotzeko hasiera bikaina da. Hurrengo proba maiatzaren 9an hasiko da Sydneyn.

Nadia Erostarbe, Snapper Rockseko eskuin olatu batean, bizkarkako bira indartsu bat egiten.
Nadia Erostarbe, Snapper Rockseko eskuin olatu batean, bizkarkako bira indartsu bat egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Nadia Erostarbe zarauztarrak ezin hobeto hasi du denboraldia, Challenger Series itzuliko lehenengo txapelketan final laurdenetara iritsi eta ranking orokorrean bosgarren postuan jartzea lortu baitu. Ez zen izan Gold Coasten (Australia) lehiatzeko aukera izan zuen euskal surflari bakarra; han izan ziren, besteak beste, Ariane Ochoa bilbotarra eta Kai Odriozola donostiarra. Denboraldia hasi baino ez da egin eta forma onean direla erakutsi zuten surflariek.

Aspaldiko partez olatu duinak izan ziren munduko eskuinik luze eta biribilenetakoak eskain ditzakeen Snapper Rocks urautsian, metro eta erdiko olatu garbiak. Horrela, lehiakideek gozatu ahal izan zuten, eta baita ikusleek ere. Gainera, txanda bereziak ere egin zituzten surflari mitikoak lehiatzen ikusteko, eta ikusmin handia sortu zuten.

Azkenean Erin Brooks kanadarra nagusitu zen nesken kategorian, eta mutilenean, ostera, Mikey McDonagh australiarra. Haien garaipenekin hasi berria den CS rankingean buru jarri dira, baina oraindik beste bost txapelketa jokatu behar dira hurrengo urtean lehen mailara nor igoko diren erabakitzeko.

EUSKAL ORDEZKARITZA

Maiatz eta urri bitartean CS mailako sei txapelketa egingo dira, eta horietatik lehena maiatzaren 4an amaitu zen Gold Coasten, Australia ekialdean. Parte hartu zuten 80 mutil eta 48 nesken artean Euskal Herrian bizi edo jaio diren bost surflarik parte hartu zuten, eta guztien artean emaitza hoberena eskuratu zuen euskal ordezkaria Nadia Erostarbe izan zen.

Mutilen kategorian Joan Duru baionarra, Biarritzen bizi den Tiago Carrique eta Kai Odriozola donostiarra dira CS mailan lehiatzeko sailkatuak izan diren surflariak. Nesken kasuan, ostera, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxabarri gipuzkoarrak dira, iazko emaitzei esker, bigarren mailan lehiatzeko tokia lortu dutenak, baina Ariane Ochoa bizkaitarrak hutsik geratzen diren tokiak betetzeko aukera du, sailkatzeko postu gutxira geratu baitzen iaz. Horrela, Janirek ezin izan zuen parte hartu Gold Coasten belauneko lesio baten ondorioz, eta haren tokia Ochoak bete ahal izan zuen.

Mutilen kategorian emaitza hoberena Tiago Carriquek eskuratu zuen, laugarren errondara iritsi baitzen. Kai Odriozola hirugarren errondan kaleratu zuten, eta Joan Duruk ez zuen bigarren erronda pasatzea lortu.

Nesken kategorian, Ariane Ochoa lehen txandan kaleratu zuten. Baina Nadia Erostarbek itzelezko hasiera eman zion CS itzuliari. Kontuan izan behar da iaz zortzigarren postuan amaitu zuela CS zirkuitua; hortaz, lehen mailara igotzeko zorian izan zen. CS rankingeko lehen 10 mutilak eta lehen 5 neskak sailkatzen direla kontuan hartuta, hasiera ezin hobea da zarauztarrarentzat.

Txapelketako irabazleak 16 urte dituen Erin Brooks kanadarra eta Mikey McDonagh australiarra izan ziren. Brooksek sekulako txapelketa egin zuen; final erdietan hamarrekoa eman zioten epaileek, bizkarkako tubo eder bat egin ostean, eta finalean Luana Silva brasildarra garaitu zuen. McDonagh, berriz, etxean zen, bertakoa baita. Samuel Pupo brasildarra garaitu behar izan zuen garaipena lortzeko.

BEGIRADA OROKORRA

CS mailan diren lehiakide guztien helburua lehen mailara igotzea da eta lehia bortitza izaten da. Bigarren mailara igotzea ere ez da erraza, QS mailan postu on bat eskuratu behar baita. Nadiaren kasuan, esaterako, ez zuen lortu Europako rankingean sailkatua izatea, ez baitzegoen lehen 4 postuetan; baina, gonbidapen wildcardei esker, CS mailan lehiatu ahal izan zen eta sekulako emaitzak lortu zituen. Horrela lortu zuen aurten ere CS mailan egotea.

Europako QS rankingeko lehen zazpi mutilak eta lau neskak sailkatzen dira CS mailara. QS itzuliko azken txapelketa apirilean egin zen Caparican (Portugal), eta horren ostean sailkatu ziren, besteak beste, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Kai Odriozola. Beste zenbait euskal ordezkarik postu onak lortu zituzten, nahiz eta ez zuten sailkatzea lortu. Beraz, aurten berriz saiatu beharko dute hurrengo urtean CS mailara igotzeko. Horien artean dira Annette Gonzalez-Etxabarri, Pauline Ado, Juliette Lacome, Adur Amatriain, Yago Dominguez edo Bitor Garitaonandia.

Surf txapelketen egutegia zertan den ikusteko hiru multzo nagusi hartzen ditugu kontuan atal honetan. Garrantzitsuena WSL erakundeak antolatzen dituen zirkuitu desberdinak dira, surf munduko erreferentzia nagusiak baitira. Bigarren multzoan Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen zirkuituak egongo lirateke eta, azkenik, aurten egingo diren Olinpiar Jokoak leudeke. Txapelketa honi garrantzia handia emango genioke Euskal Herriko selekzioak ere parte hartu ahal izango balu, baina, horrela ez denez, soilik euskal surflarien emaitzei begiratuko diegu.

Gaur CS itzuliko lehen txapelketari begiratu diogu, baina hurrengo asteetan kategoria bakoitzean gehiago sakonduko dugu atal honetan, bertan ez baita erraza maila desberdinak bereiztea eta txapelketa bakoitza zein koadrotan kokatzen den ulertzea.

WSL erakundeak antolatzen dituen zirkuituei dagokienez, lau azpimultzo daude. Lehen maila, Championship Tour deritzona; bigarren maila, hau da, Challenger Series; eta hirugarren maila, Qualifying Series. Horrez gain, Junior kategoria dago, 20 urte baino gutxiagoko surflarien lehiaketak.

Lehen mailako zirkuitua osatzen duten 10 txapelketetatik bost eginak dira. Horrenbestez, lehiakide batzuk kaleratuak zian dira eta bigarren mailara jaitsi dira. CS mailan lehiatu beharko dute, hurrengo urtean lehen mailan toki bat eskuratu ahal izateko.

Hirugarren mailan lortutako emaitzei esker, bigarren mailara igotzea lortu duten surflariek, ostera, orain arte lehen mailan izan diren baina kaleratuak izan diren surflari horiekin lehiatu beharko dute. Horien artean daude euskal ordezkari batzuk.