Zibota
Laurogei urtera ailegatu berri zen zurginak kontatu zidan Eufrates ibaiaren inguruetan atzeman zituztela batzuk. Milaka urteko arrastoen bila indusketan ari zirenek, agidanean, eta haiek ez zirela jolasteko, baizik sua sortzeko. Turkia, Siria eta Irak zeharkatzen dituen ibaia zurginak nola kristo ezagutzen zuen etorri zitzaidan burura lehen kolpean, «google» zer den jakin gabe bizi den gizonak aurkikuntzen kontua nola ote zekien, bigarrenean; erran zidana egiaztatzera jarri bainintzen beranduago, eta ezustekoekin topo egin, bide batez. Ararat menditik ere abiatzen diren urek, Kara su, Elazigen, Murat, Kargazapi… izenekin, eta gure hizkuntza Aralar eta Araraten antzekotasuna aditu zenbaiti entzun ondotik, ni ere ameslari jarri nintzen pentsatuz izango zela konexio mistiko bat zurgin horren eta hango lotura kulturalen artean. Fikzioa filmetan garatu zen belaunaldikoa kontsideratzen naiz, horrek zulatzen du ene burua batzuetan. Zibari buruz hitz egin zidan zurginak, zibotari buruz. Umetan aritzen ginen jolasean «txiba» deitzen genuenari buruz. Sokarekin bildu eta braust botatzen genuen lurraren kontra, apustu eginez bueltaka norenak gehiago iraungo.
«Eder zibota lur zolan, maiteminduek auzolan, txorkatil finak tximistak dira ilargiaren eskolan», idatzi zuen Juan Mari Lekuonak. Ez dakit nola deitzen duzun, baina, sua piztuta, jolasten, bueltaka bizitzaren eskolan, zibota bezala ikusi nahi zaitut.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
