GARA
BILBO

Berangoko Otxandategi Herri Lurra hustu eta ekintzaileak atera ditu Ertzaintzak

Berangoko Otxandategi hustu zuen atzo Ertzaintzak. Bertan zeuden ekintzaileek eserialdia egin zuten erresistentzia baketsua burutu nahian, baina banan-banan kanporatu eta 40 pertsona baino gehiago identifikatu zituen Poliziak. Pertsona bat atxilotu zuten, gaur epaituko dutena, eta zenbait zauritu ere izan ziren.

Otxandategiko ekintzaileak, apirilean hartutako irudian.
Otxandategiko ekintzaileak, apirilean hartutako irudian. (OTXANTEGI HERRI LURRA)

2022ko apirilean aurkeztu zen Otxandategi Herri Lurra proiektua. Berangon kokatuta dagoen XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurrak babestea du xede, baita hiri eta baserriaren artean zubi lanak egitea. Urte hartako udan, eremu horretako lurraren jabeek ekintzaileak salatu eta epaiketa izan zuten irailean.

Okupatutako etxebizitza eta soro bat lantzen dute Uribe Kostako hirigintza ereduaren aurka, eta kanporatzeko arriskuan zeuden. Bi saiakera izan dira orain arte, azkena iazko apirilean; epaitegietatik deia heldu zitzaien, baina Ertzaintzak nahikoa baliabide ez zuela argudiatu eta ateraraztea bertan behera geratu zen.

Atzo itzuli zen Ertzaintza, oraingo honetan kaleratzea gauzatzera. Dozena bat furgoneta bertaratu ziren. Poliziek mailu, borra eta istiluen aurkako materialez, eta eremuaren barrura sartu ondoren, dorretxearen kanpoaldean erresistentzia baketsua egin asmoz zelaian eseri ziren ekintzaileak banan-banan identifikatu eta kanporatu zituzten.

Guztira, 40 pertsona baino gehiago identifikatu zituen Ertzaintzak, desobedientzia egotzita, Hiruka.eus agerkariak sare sozialetan berri eman zuenez. Pertsona bat atxilotuta eraman zuten Neguriko komisariara, zaurituta, Otxandategi Herri Lurreko kideek azaldu zutenez. Gaur bertan epaituko dute eta babesa helarazteko elkarretaratzea antolatu dute, 9:30ean Getxoko epaitegiaren aurrean hasiko dena.

Gainera, beste bi lagun ere artatu behar izan zituzten, Hiruka.eus hedabidearen arabera. Urdulizko ospitalera joan behar izan zuten. Bati beso-euskarria jarri zioten, kolpeak ditu gorputzean, baina ez du ezer apurtuta. Besteak, aldiz, ehunen apurketa du hankan, iturri berek zehaztu zutenez.

Kanpoan zeudenak identifikatu ondoren, barrura sartu ziren ertzainak, dorretxean zeuden ekintzaileak kanporatzera. Haietako bost teilatuan zeuden, eta beste bat kanpoaldean dagoen tripode moduko batean igota. Suhiltzaileak ere bertaratu ziren.

Eraikinean gotortuta zeudenak kaleratu egin zituzten, eta teilatukoak ere bai, Hiruka.eus-ek kontatu zuenez. Sarrerako egurrezko egituran eskegita zegoen ekintzailea 13.00ak aldera jaitsi eta identifikatu zuten. Ekintzaile guztiak kanporatu ostean, sarrailagileak sartu ziren ingurua ixteko.

Hiruka.eus-ek salatu zuen Ertzaintzak kazetariei ukatu egin ziela gertatzen ari zenaz barrutik informatzea, eta segurtasun hesiaren kanpoaldean egotera behartu zituzten une oro.