Nerea GOTI
EH BILDUREN II. KONFERENTZIA MUNIZIPALISTA DURANGON

Eskularru berdeak eta egiteko era bat, trantsizioa burutzeko

EH Bilduren II. Konferentzia Munizipalistak hurrengo urteetako lan ildoen inguruan ezker subiranistaren sinadura duten esperientziak partekatu eta eraikuntza nazionalean udalen protagonismoa berreskuratzeko deia zabaldu du. Klima larrialdiaren aurrean «eskularru berdeak» jarrita zer egiten ari diren erakutsi dute «eraldaketaren laborariek».

Trantsizio ekosozialaren inguruan, EH Bilduren alkatetzek bultzatutako zenbait esperientzia aztertu ziren, atzo, konferentzia munizipalistan.
Trantsizio ekosozialaren inguruan, EH Bilduren alkatetzek bultzatutako zenbait esperientzia aztertu ziren, atzo, konferentzia munizipalistan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduren bigarren Konferentzia Munizipalistak ehunka udal ordezkari bildu zituen atzo Durangon, hurrengo urteetako lan ildoak zehaztu eta «misioa partekatzeko». Alkatez eta zinegotziz beteriko hausnarketarako espazio horretan, zaintzak, hezkuntza, politika berdinzaleak, euskara politika aktiboak eta trantsizio ekosoziala izan ziren lanketa berezi bat izan zuten gaiak, baina udalgintza eredua bera ere izan zen bilkuraren beste protagonistetako bat.

149 alkatetza eta 1.400 udal hautetsi baino gehiago dituen indar baten proiekzioa nabarmendu zuen koalizio subiranistak. Indar horri begira, udalgintzatik, askapen nazionalaren defentsan udalek beste fase historiko batzuetan izan duten lidergoa berreskuratzeko deia egin zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Azpimarra jarri zuen egungo «abagune historikoan». «Unea da eztabaida bultzatu, eztabaidari bide eman eta herritarren parte hartzea bultzatzeko», adierazi zuen, eta gogora ekarri zituen 1931ko Lizarrako Estatutua, 70eko hamarkadako alkateen mugimendua eta Udalbiltza: «Gure askatasun nazionalen defentsan abangoardia izatea egokitzen zaigu berriro».

«Herriak babesa ematen digu eta babes horrekin herri politikak egiten ditugu», nabarmendu zuen topaketaren irekieran. Euskal Herri osoa kontuan hartuz EH Bildu indar bozkatuena dela aipatu zuen; «baina boto guzti horiek ez dira gureak», erantsi zuen.

Izan ere, ezker subiranistaren ustez botoak ez dira alderdiaren edota mugimenduaren «patrimonioa», baizik eta EH Bildurengan jarritako konfiantzaren adierazlea, eta horrek ardura bikoitza suposatzen du, kudeaketa eredu eta politiken ikuspuntutik eta barne antolakuntzaren ikuspegitik.

Hiru arlo horiek uztartu zituen atzoko hitzorduak Durangoko Landako Gunean, papera eta boligrafoa eskuetan, ideiak jaso eta egitasmo berriak hausnartzeko.

Subiranotasuna izatea tresnak edukitzeari lotuta dago, eta tresna horiek politika berriak egiteko baliabideak dira, Euskal Herritik kanpo hartzen diren erabakien mende egoteko beharrik gabe.

KLIMA LARRIALDIA ETA UDAL POLITIKA

Orain urtebete abian jarri zen udal legealdia klima aldaketaren inguruko kudeaketarena izango da. Ez da Euskal Herriak aurrean duen erronka bakarra, baina garrantzizko puntua bilakatu da udal kudeaketaren eguneroko jardunean, eta ardatz ugari ditu, herritarren bizitzan nahitaez eragina dutenak. Horregatik, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko agertoki horietara begira jarri zen atzo EH Bilduren II. Konferentzia Munizipalista hausnarketarako zabaldutako espazioetako batean.

Garesen, Sakanako Mankomunitatean eta Eako herrian izandako esperientzietara hurbildu zen saioa, udaletatik zein tokiko beste erakunde batzuetatik egin daitezkeen urratsak adibidetzat hartuta. Hiru esperientzia horiek mahai gainean jarri zituzten udalgintzak eskaintzen dituen tresna ezberdinak, eta egiteko erak.

Oihan Mendo Garesko alkate ohiak agertokia marraztu zuen: «Oso egoera larria bizitzen ari gara klima larrialdiari dagokionez, eta jakin badakigu egoera larritzen joango dela, baina ulertu behar da egoera honi buelta ematea guztion ardura dela». Egoerari ikuspegi baikor batetik aurre egin behar zaiola azpimarratu zuen. «Gure gizartea transformatzeko arloa da udalgintza», baieztatu zuen.

Udalek zertan eragin dezaketen aletu zuen Mendok; adibidez, argiteriaren kudeaketan eta oro har kontratu publiko guztietan irizpide ekosozialak jarriz, edota elikadurarekin lotutako zerbitzuetan zero kilometroko produktuen kontsumoa bultzatuz. Komunitate energetikoaren eredua jarri zuen Gareseko udal agintariak mahai gainean, gizartean hausnarketa bultzatzeko duen balioa azpimarratuz.

Gobernantza komunitarioa eta energiaren kudeaketaren uztarketan oinarritzen den sistema horretan, lidergoa udalena eta herritarrena izan daitekeela azaldu zuen, eta adibide gisa aipatu zuen ekoizpenaren zati bat alokairuzko pisu sozial batzuen kontsumora bideratuta dagoela.

Udaletatik egin daitezkeen urratsen artean, hiriguneetako estres termikoari begira, Antsoainen hirigintzan garatzen ari diren proiektua aipatu zuen, azpiegitura berdeko plangintza, ikuspegi feminista txertatua duena. Mugikortasunarekin lotutako ekimenak, ibilgailuen erabilera murrizteko eta bizikletaren erabileraren inguruko soluziobide berriak antolatzeko, eta udalerri handietatik eskala txikira jausi egin zuen, Legardan suteei aurre egiteko abian jarritako plangintza herrikoia azpimarratzeko.

Suteak prebenitzeko abeltzaintza bezalako baliabide naturalak erabili dituen herri batetik klima aldaketaren aurreko egokitze horretan baliabide naturalak erabiltzen ari den eskala txikiko beste proiektu batera: Bakio bezalako herri txiki batean, uholdeei aurre egiteko urak hartzeko diseinatutako parke eta ingurunea.

Mendok adierazi zuen feminismotik betaurreko moreak jartzeko deia heldu zen bezala, «eskularru berdeak» jartzeko ordua dela, ikusketak eta egiteko ereduak duten garrantzia ahaztu gabe. Horretan sakondu zuten Aitor Larrazak, Sakanako Mankomunitatearen esperientzia partekatu zuenak, baita Iratxe Arriola EAko alkate ohiak ere: «Ingeniaritza proiektu potoloen» aldeko apustuaren aurrean beste soluziobide batzuk daude, bere esanetan, kostu baxuagokoak eta natura baliatuz proiektatu daitezkeenak; eta eskualde mailak deliberazioetan duen garrantzia ere nabarmendu zuen.