EDITORIALA

Desplazatu gehiago, mundu arriskutsuagoan

Gatazken, indarkeriaren eta hondamendi naturalen ondorioz, mundu osoko barne-desplazatuen kopurua 75,9 milioira iritsi zen 2023an. Marka hautsi da, Barne Desplazamenduei buruzko Txosten Globalak jasotzen duenez. Pertsona horietatik 68,3 milioi gatazka eta indarkeriagatik desplazatu ziren, eta 7,7 milioi, hondamen naturalengatik. Barne-desplazatu guztien ia erdiak (%46) Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi dira. Mugimendu berrien ia bi heren Sudango, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Palestinako gatazkek eragin zituzten. Bestalde, hondamen naturalek eragindako lekualdatzeak mundu osoan gertatzen dira, baita diru-sarrera handiak dituzten herrialdeetan ere, hala nola Kanadan, Zeelanda Berrian eta Grezian.

Txostenak agertzen duen testuingurua nahiko ezkorra da. Alde batetik, munduko gatazka askok eta askok bideratu gabe jarraitzen dute. Indarkeriari euste horrek adierazten du gatazkak prebenitzeko ahaleginek ez dutela emaitza onik eman. Txostenaren egileek diotenaren arabera, esparru horretan zerbait huts egiten ari da. Beharbada, arazoa testuingurua aldatu izana da; alegia, mundu mailako eta eskualde mailako botere berriak sortzeak borroka geopolitikoa handitu duela. Horretaz gain, energia-trantsiziorako ezinbestekoak diren baliabide naturalak kontrolatzeko borroka sutsua gertatzen ari da. Horiek dira, hain zuzen, mundu mailan indarkeria elikatzen duten bi faktore garrantzitsuenak. Bestetik, iragartzen oso zailak diren hondamendi naturalak daude. Berotze globala dela kausa gertatzen diren muturreko fenomeno atmosferikoek gero eta protagonismo handiagoa dute, eta diru-sarrera handiak dituzten herrialdeei ere eragiten diete; nolanahi ere, erantzuna prestatzen eta planifikatzen duten herrialdeetan askoz pertsona gutxiagok utzi behar izaten dute beren etxea.

Lekualdatu beharra izan duten pertsona kopuru handiak adierazten du mundua gero eta leku arriskutsuagoa dela, bai indarkeriagatik, bai askok ez dutelako baliabiderik hondamendi naturalen aurrean behar bezala prestatzeko. Segurtasuna handitzeko, arriskuak murriztu beharra dago.