Espetxeak eta osasun arreta ezak lapurtutako bizitza
Pello Mariñelarena 1993. urteko maiatzaren 15ean hil zen Parisko Antoine Beclere ospitalean berandu diagnostikatu eta gaizki artatutako gaixotasun larri baten ondorioz. Hogeita bederatzi urte zituen. Familiak eta gertukoek salatu zutenez, gaixotasun larri batek jota, espetxeko «arretarik ezak» eraman zuen heriotzaraino.
«Hil baino hamabost egun lehenago Fresnes kartzelako ospitalean ingresatu zuten eta, ospitaleko medikuek baieztatu zutenez, birikak erabat hondatuta zeuzkan. Nire ahizpa eta biok horren lekuko izan ginen kartzelan egin genion azken bisitan, honek irauten zuen denboraren erdia behar izan baitzuen bere zeldatik bisita-gelara iristeko. Kartzelako arduradunek, bere osasunaren arazo larrien aurrean, ez ikusiarena egiten zuten. Indarrik gabe, inpotente sentitzen zela esan zigun Pellok», gogoratu zuen bere arreba Muxi Mariñelarenak heriotzaren 30. urteurrena bete zenean eginiko agerraldian. Preso zegoen La Santeko espetxean hiru hilabetez min gogorra eta infekzioak pairatu zituen arren, kartzelako zuzendaritzak eta zerbitzu medikuek ez zuten artatu, Amnistiaren Aldeko Batzordeek ohartarazi zutenez. Bihotzekoak jota hil zela esatera mugatu zen bertsio ofiziala. 1,90 zm-ko altuerarekin, 70 kilo soilik pisatzen zituen ospitalean. Albistea zabaldu zenean, manifestazioak eta protestak egin zituzten Euskal Herri luze-zabalean. Sakanan greba orokorra egin zuten eta Etxarri Aranazko Udalak herriko seme kuttuna izendatu zuen Mariñelarena.
Herri Batasunak Estatu frantsesari leporatu zion heriotzaren ardura. «Gure herriaren kontrako errepresio espainolaren kolaboratzaile ona izatetik, errepresio horren parte zuzena izatera pasa da. Bere aurretik beste zortzi preso hil dituen kartzela sistema beraren biktima izan da. Euskal preso politikoak suntsitzea bilatzen duen estrategiaren biktima izan da», salatu zuen. 1987an, droga mendekotasuna gainditzeko Galiziako zentro batean zegoela, Mariñelarenak ihesari eman behar izan zion, Polizia espainolak “Buruntza komando”-ko kideak zirela leporatuta bere bi lagun atxilotu eta torturatu zituela jakitean.
«Polizia bere bila joan zen Galiziara, pairatzen zuen droga mendekotasunetik sendatzen ari zen zentrora, baina ordurako Pello alde egina zegoen. 1990eko azaroaren 29an atxilotu zuten Nantesen Teodoro Meabe eta Joseba Begoña Ibarrarekin batera. La Santen espetxeratu zuten. Denbora luzez soilik amari eman zioten bisita eskubidea. 1993ko apirilean hiesa diagnostikatu zioten eta handik hilabetera hil zen.
«Pellok, gaztea zela hil zen arren, bizitzea tokatu zitzaizkion esperientzia guztietatik ikasi zuen, hauek positiboak ala negatiboak izan. Ondorioz, kartzelak fisikoki hil bazuen ere, bere esentzia aberatsak gurekin dirau. Berak horrela adierazi zuen: ‘Entzierro madarikatua, jakin badakit, bizi izan ginen egun haien eta askatasun-nahien prezioa zarela; gaur egun, ordea, dagoeneko gure herriaren bihotzean bizi gara’», plazaratu zuen agerraldi hartan Muxi Mariñelarena arrebak. Bere lagun eta gertukoak bat datoz Pello oso pertsona sentikorra zela esatean. Sentiberatasun hori, bereziki, egiten zituen erretratuetan islatzen zen. Espetxetik etxekoei bidali zien azken artelanak, ordea, barruko ondoeza eta mina adierazten zituen. Ekaitzak margotzen zituen garai horretan. Lagun bati agurtzeko eskutitz bat bidali zion, Aralarren elkar topo egingo zutela esanez.
Ofizioz igeltseroa zen -lankide baten enpresa propioa jarria zuen-, margotzeko grina handia zuen. Artelan ugari egin zituen. Preso zegoela, Unibertsitatean Arte Ederrak ikasteko eskaera egin zuen.
Ehunetik gora koadro egin zituen -klandestinitatean lehenbizi eta kartzelan ondoren-, olioz, akuarelaz, ikatz-ziriz edo sanginaz, baita bakarren bat bolalumaz ere. Autore ezagunen lanek iradokitakoak zein bere baitatik sortutakoak. Estilo aniztasuna sumatzen da haren obran, pintura-joera desberdinen eragina. Eta pinturarekin batera, beste zaletasun bat ere garatu zuen ihesean eta kartzelan: poesia.
1993an, etxarriarra hil ondoren, Amnistiaren Aldeko Batzordeek margo eta idatzi horietako asko bildu zituzten eta “Pello” izenburuko liburuan argitaratu. 2016ko maiatzean, 26. urteurrenean, “Hau Trena!” eta “Guk ibilitakoak gureak dira” erakusketa antolatu zuten Etxarrin, Mariñelarenaren obra artistikoa erakusteko eta hark bezala gaixotasun larriak zituztenen askatasuna exijitzeko.
Egun, Etxeraten datuen arabera -2024ko otsailaren 19an eguneratuta-, gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal preso daude.
JON ANZAREN DESAGERPENAREN BERRI
2009. urteko maiatzaren 15ean, Jon Anza preso ohiaren eta iheslari politikoaren familiak agerraldia egin zuen apirilaren 18az geroztik desagertuta zegoela salatzeko. Egun horretan, goizeko zazpietan Baionatik Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen, ETArekin zita bat baitzuen han. Bere bikotekideak tren geltokian utzi zuen. Bizirik ikusi zuen azken pertsona izan zen.
«Non da Jon?» galdera eta bere argazkia Euskal Herri osoan zabaldu ziren, eta boluntario taldeek bilaketa lana egin zuten.
2010eko martxoaren 11n Purpaneko ospitaleko gorputegian «azaldu» zen Anzaren gorpua. Hamaika hilabete zeramatzan bertan identifikatu gabe. Martxoaren 15ean autopsia egin zioten. Ospitaleak esan zuenez, hiru aldiz ohartarazi zituen Polizia eta Fiskaltza identifikatu gabeko paziente bat zutela-eta. 2009ko apirilaren 30ean hiriguneko kale batean topatu eta ospitalera eraman zuten. Desagerpenaren 15. urteurrena bete den honetan, egia jakiteko esperantzarik ez duela galtzen esan berri du familiak.
Anzak 47 urte zituen. Kartzelan 21 urtez preso egon ostean -Carabanchel, Alcala Meco, Puerto II, Herrera, Daroca, Bonxe, Puerto I, Ceuta, Tenerife eta azkenik, Puerto I berriro-, aske gelditu zen 2002an. Aske gelditu eta egun gutxitara GARAk egindako elkarrizketan, sakabanaketa eta horren ondorioak salatu zituen.
[2001] Landaburu, sobre el atentado 23 años después
Una carta-bomba remitida por ETA le estalló en las manos a Gorka Landaburu un día como hoy hace 23 años. El periodista reflexiona ahora en entrevista con NAIZ sobre aquello y los cambios producidos en Euskal Herria en la última década, en una larguísima secuencia que le lleva hasta la Guerra del 36. «Lo único que puedo pedir es que no volvamos a repetir lo que ha vivido este país», afirma.
Cuando el 20 de octubre de 2011 ETA anunció el cese definitivo de la lucha armada, «le dije a mi escolta: ‘Esto ya se ha acabado’. (...) Llegué a casa y vino mi hija corriendo diciendo ‘bukatu da, bukatu da’. Empezamos a llorar los dos». «He tenido grandes amigos que han sido asesinados, a Mikel Zabalza lo conocí personalmente. He tenido familiares que han pagado el impuesto revolucionario, tengo un familiar que estuvo preso por ETA-pm. Sé lo que es la tortura. Quiero insistir en ello para que no se desvirtúe, sobre todo por parte de ETA, pero también ha habido muchas violencias intolerables. Ahora vamos a intentar reconstruir todo esto», remarca en la entrevista que se puede leer íntegramente en NAIZ.