J.O.
PILOTA

Laso: «Orain sakean mina egitera noa»

Laso eta Zabala, larunbateko pilotekin.
Laso eta Zabala, larunbateko pilotekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azkar, oso azkar, eta inolako arazorik gabe apartatu zuten Unai Lasok eta Javi Zabalak larunbat honetan Labriten jokatu beharreko finalerdietarako materiala. Bere lehen mailako lehen finalerdian, errioxarrak pilota zertxobait motelagoak aukeratu zituen, baina biak oso gustura geratu ziren saskian aurkitutakoarekin.

Lehen mailan Buruz Burukoan elkarren aurka jokatzen duten lehen aldia izango dute Bizkarreta- Gerendiaingoak eta Logroñokoak eta bientzat lehia oso berezia izango da. Errioxarra sekula halako finalerdi bat jokatu gabea da eta erroibartarra berriz ere final baterako sailka liteke, lesio larri bat atzean utzi eta gero. «Hau niretzat sari bat da. Egia esan, txapelketa hasieran helburua nire maila berriz ere hartzea zen eta aldakak ondo erantzun dit; fisikoki ondo nago eta mentalki oso gustura», azaldu zuen.

Jokatutako lau partidak erraz irabazita, Dario izan da hamar tanto egitera heldu den bakarra; Unai Laso joko bolada ikaragarrian helduko da larunbateko partidara eta Baikoko aurrelariak sakean jartzen du bere joko onaren zati handi bat. «Asko entrenatu dut sakea, oso ondo ari naiz sakatzen; oso gustura, baina partida bakoitza desberdina da. Lehen pilota jokoan jartzera joaten nintzen eta orain tantoa egitera joaten naiz eta hori da nire gakoetan handienetako bat», gaineratu zuen 2022ko aurrelari txapeldunak.

ARRISKATZEKO PREST

Bere txapelketa horren ikusgarria izan ez bada ere, Javi Zabala ere aparretan aurkitzen da, lehen mailan jokatu duen lehen txapelketan bere burua finaletik pauso bakarrera ikusita. «Pilotari bezala, gauza gutxi daude Buruz Burukoaren finalean sartzea baino handiagoak. Txapeldun handi baten aurka arituko naiz, gainera, eta hitz handiak dira, amets bat lehen aldiz zuriz jantzi nintzenetik. Buruz Burukoa beti izan da gehien gustatu zaidana; txapelketa hau sekulakoa izaten ari da, baina harri ikaragarri bat dut bidean. Saiatuko gara ahal bezala pasatzen», azaldu zuen Aspekoak.

Bere eskuin eskuak minduta amaitu zuen Artolaren aurkako azken partidan, baina azken egunotan hobera egin du eta larunbatean jokatzeko moduan izango dela uste du Logroñokoak. «Halako partida baten aurrean, eskuko mina izan edo ez, ezer gertatuko ez balitz bezala egingo dut, takoa eskua %100era egongo balitz bezala jarriko dut, pilota gozatu nahi dut, eta, horretarako arriskatu egin behar badut, arriskatuko dut. Ez dakit gehiago izorratuko dudan, baina egoerak merezi du», gaineratu zuen.

SARRERA GEHIAGO SALGAI

Enpresetatik jakitera eman zutenez, bihar, eguerdiko 12.00etan, sanferminetako kaiolako finalerako sarrera gehiago jarriko dira salgai.