GARA
BAIONA

Hizkuntza politiketan eta erabileran jauzi bat egiteko deia

Euskalgintzako zenbait eragile eta ordezkari bildu ziren atzo Baionan; Korrika amaitu zen plazan bertan, eta Euskaraldia hasi baino urtebete lehenago, hain zuzen ere. Hizkuntza politiketan eta euskararen erabileran jauzi bat egiteko unea dela adierazi zuten.

Euskalgintzako hainbat eragile, atzo, Baionan.
Euskalgintzako hainbat eragile, atzo, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragile nagusietako ordezkariek agerraldia egin zuten, atzo goizean, Baionan. Aurtengo Korrika bukatu zen tokia, Askatasunaren plaza, hautatu zuten, 2025eko Euskaraldia hasteko urtebete falta dela probestuz, «hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar» dela aldarrikatzeko.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-Korrikako koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri zuten, euskararen aldeko bi ekimen jendetsu horien arteko denbora tartea aldarrikapenez bete dutela esateko.

«Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu eta premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde», azaldu zuten euskalgintzako ordezkariek heldu den udaberrian hamaika egunez garatuko den Euskaraldiaren kariaz «olatu berria» altxatzeko dei eginez. «Euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar da» eta, ildo beretik, nabarmendu zuten «politika publiko sendoagoak behar direla» euskararen normalizazioan aurrera egin nahi bada.

LEKUKOA EUSKARALDIARI

Arduradun politikoei dei zehatza egin zieten: «Aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde».

«Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen», gaineratu zuten adierazpen bateratu horretan euskalgintzako zenbait eragilek. Eta atzoko agerraldian, Euskaraldia 2025ko maiatzaren 15etik 25era ospatuko dela jakinarazi zuten.

Finean, Baionako Askatasun plazatik lau haizeetara honako agindua zabaldu zuten euskararen alde jarduten duten eragileek: «Segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko».