Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Osasunak denboraldi osoan zehar egindakoari jarraituz ekingo dio finalari

Sadarren lortutako 1-0ekoak lagunduta, gorritxoek F Ligara igotzeko finaleko itzuliko partida jokatuko dute gaur (19.00) Espanyolen aurka.

Sadarren lortutako abantailari esker, indartuta bidaiatu du Osasunak.
Sadarren lortutako abantailari esker, indartuta bidaiatu du Osasunak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ordu eta erdi, bi ordu gehienez. Hori besterik ez da falta denboraldia amaitzeko, hori da gorritxoek eta Osasunak emakumezkoen sekzioa berreskuratu zuenetik izan duten ametsa lortzeko azken ahalegin denbora. Espanyolen kontra jokatuko dute gaur (19.00, Navarra TV) F Ligara igotzeko play-offeko finaleko itzuliko partida, igandean Sadarren 1-0 irabazi ondoren.

Abantailak taldearen konfiantza indartzeko balio du, baina ez du inolako eraginik izan behar planteamenduan, aurkaria bera bezain arriskutsua izango bailitzateke. «Ager liteke espekulatzeko tentazioa, eta horrek apur bat lainotu gaitzake -esan du Josu Dominguezek-. Ez dakigu nola egin. Saiatu garenean, zalantzan egon dira. Abantaila gordetzera bagoaz, bizia emango diogu aurkariari». Horren aurrean, Espanyol «deseroso egon dadin lan egin behar dugu, Sadarren saiatu ginen bezala, Alhamaren kontra, Ligan zehar... Aurkaria eroso egon ez dadin saiatzea, bere zelaian sartzea, bere zelaian itotzea, baloia lapurtzea, atzerantz korrika ez egitea, eta ahal bezain laster haien bila joatea, aurre egitea, gainezka egitea... Banakako dueluak, pixkanaka borroka txiki horiek irabazten saiatzea eta azkenean gerra irabaztea».

Eta espero, gerra espero du entrenatzaile nafarrak. «Badakigu Vietnam izango dela, sufrituko dugula, kontrako giroa, arbitrajea, ekaitza... Baina jokalariak guztiz prestatuta daude eta, urte osoan zehar egin dutena egiteko gai badira, guretzat izango da».

Hor dago gakoa. Denboraldiari ginga jartzeko, denboraldian egindakoari eutsi behar dio Osasunak. Hau da, talde «sendoa, saiatua, bizia, ausarta izan. Horrelakoak izaten jarraitzen badugu, aukerak izango ditugu. Egiten dakiguna egin behar dugu -azpimarratu du Dominguezek-. Ederki egiten dute jokalariek. Eta ez eduki zalantzarik bizitza eta arima utziko dituztela, haien bizitzako ametsa baita».