GARA
GASTEIZ

Nerabeen %49k bikotekidea kontrolatzen du Internetez, ikerlan baten arabera

Indarkeria ohikoena taldeetatik baztertzea da.
Indarkeria ohikoena taldeetatik baztertzea da. (EUROPA PRESS)

Save The Children erakundearen ikerketa baten arabera, nerabeen arteko online indarkeria moten artean, ohikoenak txat edo taldeetatik baztertzea (%51), bikotekideak Internet bidez kontrolatzen saiatzea (%49) eta nahi ez diren mezuak jasotzea (%48) dira. Horrez gain, ia erdiak (%48,6) elkarri kontrolatzen saiatzen ziren nerabe-bikoteak ikusi ditu.

Erakundeak azaldu duenez, 300 nerabe elkarrizketatu dituzte, 14 eta 17 urte bitartekoak, online indarkeriari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. Nerabe eta adituekin tailerrak ere egin dituzte. Haietako %36,4k adierazi du ikaskide bat haren baimenik gabe nola grabatzen zuten ikusi duela.

Galdetutako pertsonen %49k uste du gazte batek haren lagunei bikotekide ohiaren argazki konprometigarri bat bidaliko balie, lagunek ez luketela ezer egingo, eta horrek, Save The Childrenen arabera, «berresten du nerabeek ez dutela erantzukizunik beren gain hartzen ikusle gisa».

Ziberjazarpen kasu baten aurrean, bestalde, hamar nerabetik lauk justifikatuko lukete hura ikusten duten pertsonek ezer ez egitea biktimaren patu bera jasateko beldurrez. %30ek, berriz, egoera horren aurrean zerbait egingo lukete baldin eta lekukoek, zer egin ez dakitelako edo besteen bizitzetan ez sartzeagatik, ezer egingo ez balute.

Prestakuntzari dagokionez, %80k adierazi du online indarkeriari buruzko prestakuntza gehiago jaso nahi lukeela, eta horietatik %60k adierazi du irakasleek eduki horiek ematea litzatekeela egokiena.

KANPAINA ETA MATERIALA

Ikerketa hau irakasleei bereziki zuzenduta dagoen eta hainbat material dituen «tresna kutxa» sortzeko egin dute, “Gertatzen bada, egon gertu” izenekoa. Helburua online indarkeriako gertaeraren baten lekuko diren 14 eta 17 urte bitarteko nerabeek hori geldiaraztea eta betikotzea saihestea sustatzea da.

Gainera, “#KonexioBarik” kanpaina abiarazi du erakundeak. Honako honi buruz kontzientziatzea du xede: haurrak eta nerabeak Interneten garatzen direla, eta beraz, toki segurua izan behar dela beraientzat.