Maider IANTZI
LESAKA

Lesakako Udalerri Euskaldunen Eguna, herri oso bat inplikatuta, harro

Udalerri Euskaldunen Egunean, dantzan.
Udalerri Euskaldunen Egunean, dantzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zubi gainean dantzatzen dira lesakarrak, eta atzo ere erakunde publiko, eragile eta herritar euskaltzaleak bildu eta elkarrekin egun eder bat pasatzeko topagune ederra izan zen herria. “Zubiak zeharka” leloarekin, Udalerri Euskaldunen Eguna euskararen olatua sendotzeko baliatu zuten.

UEMAk antolatu zuen ospakizuna, Lesakako Udalarekin eta herriarekin batera, baina ez zen UEMA Eguna izan, Udalerri Euskaldunen Eguna baizik, horien ekarpena aitortu eta ikusarazteko hitzordua. 175 udalerri euskaldun daude (biztanleriaren %70 edo gehiago euskaldunak dituztenak), eta horietatik 111 daude mankomunitatean. Atzo batu ziren lau kiderik berrienak: Zegama, Lakuntza, Bakaiku eta Ituren. Guztira 346.000 biztanleko lurgune euskalduna biltzen du UEMAk.

Batzar nagusia egin zuten ehun bat alkate eta zinegotzik. Eta euskara taldeen topaketan, euskararen olatu berria sortzeko gakoak aztertu zituzten. Euskara talde berriak ari dira sortzen, eta Lesakan agerian gelditu zen zenbat gazte dagoen euskararekin interesatuta eta inplikatuta. Martin Aramendi UEMAko lehendakariak GARAri azaldu bezala, labealdi berri horri erantzun beharra dago. Olatu berri horretan lehen lerroan egoteko konpromisoa hartu zuen ekitaldian.

Unerik hunkigarrienetako bat Euskal Herrian Euskaraz mugimenduari egin zioten omenaldia izan zen. Horien ordezkari, opari bana eman zieten Kontxi Erro eta Antton Erkiziari.

Handik bazkaltzera joan ziren, eta bestak ordu txikiak arte segitu zuen.