Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

«Antton ao pouvo»

Antton herrira», dio herriko sarreran den pintadak. Bere irudia petatxo bat da nire memorian. Ipar Euskal Herrian atxilotu eta deportatua izan zen Antton Olaizola beste hainbat errefuxiaturekin batera. Egun ere hala jarraitzen du. Bizi oso bat, zigor penalik gabeko zigor erantsia bizkarrean daramala. Urteak dira −kontatzeak ere lanak ematen ditu−, deportazioak eragiten duen denboraren ez-denboran, odolbilduta gelditzen den orbain baten antzera, dagoela Cabo Verden. Bertakoek dioten legez, haize-begian den irlan, Cesaria Evoraren “Terra pobre chei di amor”, maitasunez betetako herri pobre batean. Merkantzia edo pagu moduan.

«Munduaren azken hegian bizitzera noa, nire aberritik aldendua den herri batean». Ovidio erromatarraren hitzak dira. Bere azalean bizi izan zuen ere desterrua. Deportazioa burdin hesirik gabeko kartzela bat da; ortzimugaren marrak mugatzen du presondegia. Antton deserrian bizi da, baina ez da deserria bakarrik; distantzian dago, baina ez da distantzia bakarrik; beste herrialde batean dagoela diogu, baina ez da hori ere; eta ez da erbeste hutsa ere, hori dena baino zerbait gehiago da: nortasun gabetze etengabea da, gizakiak behar duen lehengai humano eta afektiboa ebasten duen zigor ikusezina da. Bere buruari uko egin diezaion bilatzen du, ondotik bere amets eta idealei uko egiteko. Sustrairik gabeko landare ihartua bihur dadin.

Odisean Ulises itsasertzeko arroketan eserita dago, egunak eta egunak ematen ditu intzirietan itota, malkoz beterik begiak itsas antzuari iltzatuak dituela. Haize-begian den irla urrunean Anttonek duen patu bakarra paturik eza da, daukan ziurtasun bakarra ziurtasunik eza da eta bizirauteak ematen dion indar apurrarekin iragana lausoturik datorkio eta etorkizuna galdera ikur zaio. Gogoa eldarnioka duela, bere beldur eta zalantzetan lokartzen da. Oraina du bizibide, akordua barnebide.

Deklinabide zaila da itsasoaren hasperena urruneko haize-begian sentitzen duen deserrotuarentzat. Bere Itaka helburu duenarentzat. Ahanztura ez dadila beste desterru mota bat izan.