EDITORIALA

Gaitz mentalen ugaritzeak gizartea islatzen du

Osasun mentalaren garrantzia gero eta nabarmenagoa da eztabaida publikoan. Kontzientzia hartze hori zaintzen afera lehen lerrora ekarri izanak azaldu dezake neurri batean, baina, zoritxarrez, arazo mentalak areagotu izanak ere zerikusi handia dauka. Horren erakusgarri dira, esaterako, Zaballako espetxeko osasun-zerbitzuetan artatutako pertsonak; %80 adikzio arazoengatik eta beste %9 agerraldi psikotikoengatik artatuak. Bestalde, ikerketa batek jakitera eman duenez, Nafarroan osasun mentalarekin lotutako laneko bajak %50 baino gehiago ugaritu dira azken lau urteetan.

Datu horiek azaleratzen dute bizi garen gizarteak arazo handiak dituela bere osasun mentalarekin. Adituek bi arrazoi nagusi aipatzen dituzte: sare sozialek eragindako distortsio kognitiboa eta bizimodu kontsumista eta hedonista. Horren ildotik, gizartean sortzen diren espektatiben eta bizi-baldintza prekarioen errealitatearen arteko distantziak izan lezake zerikusirik osasun-galera horretan. Alde handi horrek frustrazioak eragiten ditu, eta antsietatea eta depresioa dakartza. Ez da soilik ikasteak eta lan egiteak askotan ez dutela balio bizimodu erosoa lortzeko, baizik eta gero eta zailagoa dela oinarrizko bizi baldintzak eskuratzea, hala nola etxebizitza merkea edo lan atsegina. Lan estresagarriak, behin-behineko kontratuak eta inflazioak azkar kontsumitzen dituen soldatak; horrek guztiak jendearen erresistentzia suntsitzen du. Gaixotasun mentalen ugaritzeak adierazten du gizartea gero eta osasungarriagoa izan beharrean gaixoagoa dela.

Osasun mentalaren garrantziari buruzko kontzientzia handitze horretan, borroka feministak zeregin garrantzitsua izan du, pertsonen zaintza bizitzako elementu nagusia dela aldarrikatu baitu. Hala ere, oraindik ez da behar beste egiten gaixotasun horiek artatzeko eta bizi-baldintzak eraldatzeko. Hala, adibidez, presoek giltzapetuta jarraitzen dute, nahiz eta buruko gaitzentzat kartzela oso desegokia izan. Osasun mentalari arreta emateko planak garrantzitsuak dira jendeari laguntzeko, baina askoz premiazkoagoa da bizi-baldintzak aldatzea, bere onetik ateratako gizarte bat bihur ez gaitezen.