GARA
BEIJING

Txinako hegazkin eta itsasontzi militarrek Taiwan inguratu dute

Taiwango presidente berriaren inbestidudaren ondoren, Txinak inoizko maniobra militar handienak abiatu ditu. «Independentisten aurkako zigorra» direla aipatuta, mundua asaldatzeaz gain, Taiwanen aurka gerra psikologiko eta propagandistikoa areagotu dute.

Taiwango Defentsa Ministerioko eleduna urgentziazko agerraldian.
Taiwango Defentsa Ministerioko eleduna urgentziazko agerraldian. (Yasuyashi CHIBA | AFP)

Txinak atzo abiatu zituen Joint Sword-2024A izeneko maniobra militarrak Taiwan eta bere artxipelagoen inguruan; William Lai presidente berriak kargua hartu eta hiru egunera. Lehen fasean, larunbata arte irautekoak diren maniobra hauetan, dozenaka hegazkin eta itsasontzik parte hartuko dute, uhartea eta bere Kinmen, Matsu, Wuqiu eta Dongyngo artxipelagoak inguratuz. Pekinek ez du helburua ezkutatzen, oso mezu zuzena munduratu baitu: «Taiwanen independentzia helburu dutenen ekintzen aurrean zigor indartsua» direla adierazi du.

Are gehiago; Txinako Kanpo Arazoetarako Ministerioko eledunak atzo ohartarazi zuen «injerentziak eta probokazioak» alde batera utzi behar direla, maniobra hauek «beharrezkoak eta legitimoak» direla azpimarratuz, «nazioarteko zuzenbide eta praktikekin bat datozelako». Haserre puntu batekin, «subiranotasuna eta lurraldearen osotasuna babesteaz» gain, kanpoko indarrei kanpoan mantendu daitezela eskatuz, maniobra hauekin mezu argia bidali nahi dutela onartu zuen. «Taiwanen independentziaren aldeko ekintza orok 1.400 milioi txinatarren aurrez aurreko kolpe latza aurkituko du».

AEBAK TAIWANEN DEFENTSAN

Ameriketako Estatu Batuei dei zuzena egin zien: utz diezaiotela Taiwango indar independentistak aitortu eta bultzatzeari eta uko egin diezaiotela Txinako barne arazoetan muturra sartzeari. Hitzok, analisten arabera, ordu batzuk lehenago AEBetako Indo-Pazifikoko indarren komandante gorenak, Stephen Sklenkak, Australiatik esandakoari erantzuteko ziren. Izan ere, goi agintari estatubatuarrak esan zuen maniobrak «oso kezkagarriak» direla baina bere agindupeko indarrek ez dutela atzera egingo Taiwan defendatzeko erabakian. «Anai-arreba taiwandarren ondasunak eta biziak defendatzea da nire ardura nagusia», adierazi zuen Sklenka AEBetako komandanteak.

Taiwanek gogor deitoratu zuen Txinaren aldebakarreko erabaki militarrek «demokrazia eta askatasuna» eta «eskualdeko bake eta egonkortasuna» mehatxatzea. Taiwango Defentsa Ministerioko bozeramaileak hau adierazi zuen: «Sendo eta hotz mantentzen gara. Ez gabiltza gerra bila, baina etortzen bada, ez diogu iskin egingo. Gure segurtasun nazionala babesteko gai garen uste osoa dugu».

Hala, AEBak milaka milioi dolar balio duten arma aurreratuekin Taiwan hortzetaraino armatzen ari direla kontuan hartuz, bistakoa da su txikian gerra handi bat egosten ari dela. Beste gerra bat, hemen ere.

ITSAS BLOKEOA ENTSEATZEN

Atzoko maniobrak azken bi urteetan abiatutako laugarrenak dira. Aurrenekoak 2022an egin ziren, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente zen Nancy Pelosik Taiwanera egin zuen bisitaren harira. Estatubatuarren erabaki hark biziki amorrarazi zuen Pekin, eta tentsioa inoiz ikusi gabeko neurrira eraman zuen. Orduz geroztik, Taiwango itsasartean hamarkadetan funtzionatu zuen erdiko marra -ofiziala ez zen muga baina Txinak onartu ez arren nolabait errespetatzen zuena- erabat desitxuratu da.

Hegazkin eta itsasontzi militar txinatarren sarraldiak etengabeak dira ordutik. 2023ko apirilean eta abuztuan egin zituen maniobretan, Txinak «borroka errealerako gaitasuna frogatu» zuela adierazi zuen. Atzokoak, baina, lehen aldiz, Taiwango artxipelago periferikoak barne hartu ditu.

Maniobra hauek agerian utzi dute, beste behin, «itsas blokeoaren» prestakuntza martxan dela; izan ere, analista militar zenbaiten arabera, aukera hori Pekinentzat «askoz ere erakargarriagoa» da, eskala handiko operazio batekin Taiwan inbaditzea baino.