Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Zegama-Aizkorri maratoirako kinielak ozen entzuten hasi dira

Igandean, mutiletan duela bi urteko ekitaldiko lehen bost sailkatuen arteko lehia ikusiko da. Nesketan, aldiz, iazko lau azkarrenak izango dira irteeran.

Kilian Jornet, maldan gora, 2022ko edizioan.
Kilian Jornet, maldan gora, 2022ko edizioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Trail running-eko Zegamako festa hastear dago. Suziria ostiralean botako da bertikaleko probarekin. Igandean, berriz, nazioartean sona handia duen maratoia jokatuko da. Bi lehia horietan hasi dira kinielak egiten, eta, badirudi, aurtengo ekitaldia inoiz baino estuagoa izango dela.

Bertikalari dagokionez, iaz ez bezala, eguraldiak ez du ibilbidea aldatuko. Naiara Irigoyen eta Jose Antoni Bellido izan ziren azken irabazleak. Horiek biek ez dute hutsik egingo aurtengo edizioan.

IKUSMIN HANDIA, JORNETEN INGURUAN

42 kilometro eta 5.472 metroko desnibela dituen maratoiaren ibilbidean ziurtatuta dago ikuskizuna. Maila handia egongo dela ez du inork zalantzan jartzen. Golden Trail World Series-eko hirugarren etapa izanda, eliteko lasterkari asko erakartzen ditu.

Iazko irabazleak, Manu Merillas eta Daniela Oemus, irteera puntuan izango dira. Baina Zegama-Aizkorri maratoiko parte-hartzaileen artean Kilian Jorneten izenak foku guztiak bereganatu ditu. Eta ez da harritzekoa. Egun, oso lasterketa gutxi egiten ditu, eta Zegamakoa aurtengo lehenbizikoa du: «Zegama nire etxea da, eta ahal dudan guztietan itzultzen naiz. Lasterketa horren eite guztiak gustuko ditut: giroa, ibilbidea, lokatza, antolakuntza… Badirudi familia baten barruan korritzen ari naizela».

Hamar txapel irabazi ditu, eta katalanak iragarri du hamaikagarrenaren bila irtengo dela. Errekorra berea da (2022: 3:36:40). Baina 23. ekitaldian badirudi ez dela erabat nagusi izango: «Urtez urte maila handitzen ari da. Nire taldeko kide diren Elhousine Elazzaoui eta Manu Merillas oso-oso indartsu daude. Batzuek aurkakoa esan arren, argi dut ez naizela menderaezina. Alabaina, duela urte batzuk baino sasoikoago sentitzen naiz».

Orain dela gutxi bere sare sozialetan entrenamendu baten emaitzak jakinarazi zituen, eta den-denak aho bete hortz utzi ditu, maratoi bat (2.000 metroko desnibel positiboarekin) hiru ordu baino gutxiagoan eginda.

Patrick Kipngeno ere kiniela guztietan sartzen dute. Korrikalari kenyarrak Golden Trail zirkuituko lehen lasterketa irabazi zuen, Kobe Trail, Roberto Delorenzi espezialistari hamar minutuko aldea ateraz. Kipngeno ezagutzen dutenek esaten dute Zegama irabazteko gai dela. Aurten izango ote da?

IKUSKIZUNA BERMATUA EMAKUMEZKOENEAN

Iazko lau azkarrenak nor baino nor arituko dira: Daniela Oemus, Caitlin Fielder, Theres Leboeuf eta Sylvia Nordska. Ibilbidea lokaztuta egonez gero, Oemus eta Nordska bikain moldatuko dira. Hori bai, hutsune batzuk egongo dira. Batzuk min hartuta daude; beste batzuek, berriz, datorren astean Europako Txapelketa dute Frantzian. Horregatik, agian, euskal lasterkari baten izenak hartu du indarra: Sara Alonso. Gipuzkoarra, oso sasoiko egoteaz gain, gogotsu dago ezustekoa emateko. Duela pare bat urte podiumera igo zen eta iaz min hartuta zegoen. Golden Trail zirkuituko behin-behineko sailkapenean hirugarren postuan dago.