GARA
DONOSTIA
E9 HAUTESKUNDEAK

Autodeterminazioa defendatuko du EH Bilduk Europan; EAJk, euskara

Euskal Herriari eragingo dioten politika espezifikoak bultzatzeko asmoak agertu zituzten alderdiek kanpainako ekitaldietan. Herrien autodeterminazio eskubidea defendatuko duela esan zuen EH Bilduk, eta Europan euskara ofiziala izan dadin borrokatuko da EAJ.

Rodriguez, Iriarte eta Murua, EH Bilduren Zarauzko ekitaldian.
Rodriguez, Iriarte eta Murua, EH Bilduren Zarauzko ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Europako Parlamentuko bozetara aurkeztuko diren euskal alderdi abertzaleek Euskal Herriari modu zuzenean eragingo dioten ekimenak hizpide izan zituzten atzo egindako kanpaina ekitaldietan. EH Bilduk Europako herrien autodeterminazioaren alde egingo duela esan zuen, ezkerrak, halabeharrez, erabakitzeko eskubidea defendatu behar duela iritzita. EAJk, berriz, erronka bat finkatu zuen: Europako instituzioetan euskara ofiziala izan dadin bermatzea.

«Ezin da ezkertiarra izan autodeterminazio eskubidea eta herrien subiranotasuna defendatu gabe. Honek Palestinarentzat balio du, zalantzarik gabe, baina baita Katalunia, Eskozia, Flandes eta Euskal Herrirako ere», adierazi zuen Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak.

Koalizioko ordezkariek Zarauztik azaldu zuten Europako Legebiltzarrean eutsi nahi dioten jardun politikoa zein izango den, eta nabarmendu zuten Euskal Herria «nazio bat» dela ozen esango dutela Europan. EH Bildurena, adierazi zuen Rodriguezek, «boto nazionala da, herrialdeko zazpi lurraldeetakoa; boto antifaxista da, eskubideen murrizketa eta bide atzerakoiak parez pare jarriko dituena».

Maddalen Iriarte legebiltzarkidea ere Zarauzko mitinean izan zen, eta bertatik aldarrikatu zuen Euskal Herriko surf federazioak, «beste edozein selekziok bezala», txapelketa ofizialetan lehiatu behar duela. Horren alde egingo dute Orain Errepublikak koalizioko kide independentistek Bruselan: «Europatik ere Euskal Herriaren eraikuntzan sakontzeko aukerak ditugu».

OFIZIALA IZAN DADIN

Getxora egin zuen EAJren hautagaiak, Oihane Agirregoitiak, Ibilaldia ospatzen ari zen Bizkaiko udalerritik Europan euskara ofiziala izan dadin lan egingo duela aurreratzeko.

«Euskaraz hitz egiten dugunon eskubideak babestea eta errespetatzea oinarrizko eskubideak babestea da. Euskara Europako Batasunaren pluraltasunaren parte da, eta euskara ofiziala izateak Europaren fundazio balioak indartzen ditu. Batasuna hobetzen du eta euskaldunen kultura ondarea aitortzen du», adierazi zuen Agirregoitiak.

Gogoratu zuen EAJk zenbait ekimen bultzatu dituela Europan euskararen alde, kasurako, «aldarrikatu dugu -esan zuen- legegintza europarrak hizkuntza gutxituak babestu behar dituela eta galdegin dugu komisario europar bat arduratu dadila hizkuntza hauek sustatzeaz eta babesteaz, baita hizkuntza eskubideen urraketak salatzeaz ere».

PSE ETA PPREN XEXTRA

PSEk ultraeskuina gelditzeko berme gisa aurkeztu du bere burua kanpainako ekitaldi guztietan, eta gidoi berdinari eutsi zioten atzo ere Idoia Mendia hautagaiak eta Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusiak Bilbon. PSEren aldeko botoak «balio bikoitza» duela ziurtatu zuen Mendiak, ultraeskuina geldiarazteko bide izateaz gain, «Europa sozialago, berdeago, justuago eta solidarioago bat» eraikitzeko erabiliko baitituzte eserlekuak, nabarmendu zuenez.

Eneko Anduezak ere argudio berbera erabili zuen Bilbon botoa eskatzeko, esanez eskuin muturrak ordezkatzen duen «alde ilunaren» ifrentzua dela PSE, hura geldiarazteko «berme bakarra».

Hauteskunde kanpaina honetan xextran ari dira PSE eta PP, arerio zuzen direla frogatuz. PSEko ordezkariek gaitzetsi bazuten eskuin espainiarra Georgia Meloni italiarraren gisako ultrekin itunak egiteko prest dagoela, Javier de Andres PPren EAEko presidenteak Pedro Sanchezen taldeari egotzi zion «ardura kriminalak dituen jendearekin eta mota guztietako alderdi erradikalekin» egiten dituela aliantzak. Horren aurrean, bere alderdiak «egonkortasuna, normaltasuna eta oreka» bermatuko dituela ziurtatu zuen.

ORAINGOARI EUTSI

Andeka Larrea Sumarreko hautagaia Europaren eredu ekonomikoaz mintzatu zen Barakaldon. Positibotzat jo zuen Europako Batasunak, pandemiaren ostean, «austeritatearen politika» atzean utzi izana eta «langileak babesteko» hautua egitea geroztik. Orain paradigma ekonomiko berria mantendu dadin borrokatu behar dela ohartarazi zuen eta Sumar taldeak horren alde egingo duela hitzeman zuen.