Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Neskak nagusi, Teahupoon egiten ari diren CT itzuliko seigarren lehiaketan

Hasi da CT itzuliko seigarren txapelketa eta, orain arte, puntuazio altuenak neskek eskuratu dituzte. Teahupooko olatuan jauzi kualitatiboa eman dute.

Vahine Fierro polinesiarra, tuboan.
Vahine Fierro polinesiarra, tuboan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Ikusmina sortzen duen Teahupooko txapelketa indarrean da eta, orain arte, neskak izan dira protagonistak. Datozen orduetan amaituko den CT itzuliko seigarren txapelketan itzelezko ikuskizuna eskaintzen ari dira neskak. Kontuan hartu behar da neskak aurrenko aldiz 2022an lehiatu zirela lehen mailako Tahitiko olatu indartsuan, ordura arte haientzat zailegia zela iritzi baitzioten WSLko arduradunek.

Sasoi erdian egiten den «mozketa» osteko lehen txapelketa da Tahitikoa. Beraz, lehiakide kopurua erdira jaitsi da. Aurrerantzean 24 mutil eta 12 neska bakarrik lehiatuko dira, irailean Trestlesen egingo den Final Handirako sailkatzeko. Kaliforniako urautsi famatuan egingo den finalean soilik 5 neska eta 5 mutil izango dira eta haien artean erabakiko dira 2024ko txapeldunak. Gainontzekoak jada hurrengo urtean lehen mailan egoteko sailkatuak dira, sasoi erdiko «mozketa» gainditzea lortu baitute.

IKUSKIZUN EDERRA

Mutilak tuboak egiten ikustera ohituta daude ikusleak, baina azken egunetan Tehaupoon neskak erakusten ari diren maila inoiz ez bezalakoa da. Munduko olatu zailetan arriskutsuenetako batean tuboak bata bestearen atzetik egiten ari dira.

Bi adibide jartzearren, Sawyer Lindblad, 18 urteko estatubatuarrak olatu bakarra hartu zuen lehen txandan, baina 9’43 puntuko tuboa egin zuen. Vahine Fierro tahitiarrak, ostera, 9’33 puntu jaso zituen tubo ederra egin zuen.

Mutilen txandetan zorrotzagoak izan ziren epaileak, baina inork ez zuen lortu Lindblad edo Fierrok adina puntu. Ryan Callinan australiarra izan zen aurpegiz egindako tubo batekin puntu gehien jaso zituena. Epaileek 9’10 punturekin saritu zuten. Mutilen kategorian puntu gehien bildu zituen olatua egin zuena Kanoa Igarashi izan zen. 8’17 puntu bildu zituen bizkarkako tubo garbi batekin.

Orain arte mutilen erronda bakarra eta nesken bi erronda jokatu dira. Maiatzaren 25ean itsasoratu ziren eta ordutik geldialdian dira, baina gehienez maiatzaren 31 arte luza daiteke itxaronaldi epea. Euskal Herria eta Polinesia frantsesaren artean 12 orduko aldea dago; beraz, gaur arratsaldean edo gauean jakinaraziko dute txandekin jarraituko duten edo itsaski sendoagoen zain egongo diren.

Teahupoko txapelketaren ostean, El Salvadorren egingo da CT zirkuituko zazpigarren txapelketa, ekainaren 6 eta 15 bitartean.