Zorionez, ez da «The Walking Dead»

Ikaragarri gustuko dudan Nordic Noir azpigeneroaz harago, maite ditut generokoak diren film nordikoak: “The Innocents” (2021), “Border”(2018) edo “Déjame entrar” (2008), esate baterako. 35 urteko Thea Hvistendahl zuzendariaren lehen film luze honetan, dramaren eta naturaz gaindiko elementuen osagarriak topatuko dituzue. Hain berezkoa eta hain hotza den Eskandinaviako izuaren elementu guztiak ditu, baina ez nuke esango beldurrezko filma denik, ez behintzat zentzu klasikoenean. Dramatik jaiotzen diren beldur trazuak ditu, hori bai. Protagonistetako bat Renate Reinsve da, ‘‘Verdens verste menneske’’ (“La peor persona del mundo”) filmeko protagonista eta, berriki ‘‘Presumed Innocent’’ (“Presunto inocente”) telesailean ikusi duguna. Hiru istorio paralelotan egituratu dute gidoia, haur bat, ama bat eta adineko andre bat protagonista dituena: modu misteriotsuan esnatzen diren hiru hildako dira. “Hildako bizidunak” irakurrita ez ezazue pentsa “The Walking Dead” erako zerbait ikusiko duzuenik -zorionez-, inondik inora ere. Kontakizun paranormal honen aterkipean zerbait errealista, eta “lasaia”, kontatzeko intentzioa antzematen baita hasieratik. Lehenengo minutuetan giro barea baina era berean beldurgarria sumatu dugu filmean. Tira, beldurgarria baino, deserosoa, aztoragarria. Filmaren tonua eta atmosfera lehen kolpean arnasten dugun bitartean, Hvistendahl-ek, apurka, pertsonaia nagusiak aurkeztuko dizkigu, mugimendu sotilak eta dotoreak dituzten planoak erabiliz. Sundance jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Peter Raeburnen musikak ere laguntzen du murgilaldian. Hasieran planteatzen den erritmoa, egitura eta tonua filmaren azken laurdenean desagertu eta galdu egiten da; gauza gehiegi eta azkarregi gertatzen dira nire gusturako. Lastima. Dena den, gertutik jarraituko dut Hvistendahlen lana, opera prima nabarmena egin baitu.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
