Iñigo ASENSIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
ALEX ARANBURU
Movistar taldeko txirrindularia

«Ondo nago, eta aukera gehiago ziur etorriko dira»

Protagonista izaten ari da Tourrean Alex Aranburu. Igandean garaipena borrokatzeko gertu aritu zen, Oier Lazkano taldekidearekin batera ihesaldian sartu baitzen, baina bigarrenak zulatua izan zuen eta Ezkio-Itsasokoak ezin izan zion amaiera ona eman.

(Thomas SAMSON | AFP PHOTO)

Atseden egunean harrapatu du NAIZ Irratiak Alex Aranburu, igandean hartutako betekadaren biharamunean. Ezkio-Itsasoko txirrindulariak oso gertu izan zuen garaipena Troyesen hasi eta bertan amaitutako etapan, laugarren izan baitzen Anthony Turgis frantsesak irabazitako jardunaldian. Gipuzkoarrak «esperantza» du honelako beste egun bat iritsiko dela. Movistar taldearekin afaldu baino lehen egin beharreko bilera aurretik kontatu dizkigu bere sentsazioak eta helburuak, Parisko Olinpiar Jokoetan arituko dela jakin zen egun berean.

Igandean garaipena lehiatu izanak badu gozotik, eta baita gazitik ere. Orduak aurrera joan ahala, joan al zara sentsazioak goxatzen?

Hasiera batean, haserre edo amorrazio handiarekin sartu nintzen helmugan, gertu ikusi nuelako eta aukera polita nuelako. Baina karrerak honelakoak dira; erabaki ez-zuzen bat hartzen baduzu... Denak %100ean daude, denak daude prestatuta, denek ezagutzen dugu ibilbidea... Edozein akats txiki eginez gero, eskuetatik alde egin dezake etapak.

Igandeko kontakizunean zalantza genuen Alex Aranburuk estrategia horretan azken metroetan ea huts egin ote zuen edo indarrak dagoeneko honelako etapa batean justu zituen. Agian lehenengo arrazoiarengatik izan zen?

Ez dakit. Indarrez denok antzeko iristen gara. [Jasper] Stuyven bera oso indartsu zihoan, baina azkeneko kilometroan harrapatzea lortu genuen. Gero, nire duda da Lutsenkoren ipurdia nik itxi izana, odol beroarekin jokatu nuen... Odol hotzagoarekin jokatu izan banu, beste bati utziz gero, indar gehiagorekin esprintatzeko aukera edukiko nuen. Baina ikusi eta gero erraza da esatea; hor zaudenean, dena ematen, erabaki horiek hartzea ez da erraza.

Tourraren lehen astea baino gehiago jokatu den honetan, hor ibili zara hainbat etapatan lehenengoen artean eta taldekideen alde esprintean lanean. Sentsazioa, behintzat, ona da, baduzu indarra hanketan; hori baliatu beharko da datorrenari begira.

Bai. Egia esan, hirugarren Tourra da hau eta hiruretatik ondoen sentitzen naizena hauxe da. Lehenengo aste honetan, nekea beti dugu eta oso azkar ibiltzen gara. Ez dakit konfiantza puntu hori dudan, baina ondo ikusten dut nire burua. Esan bezala, lehenengo etapatik aurrean ibili gara, beste batzuetan taldekideei laguntzen, eta aukera gehiago ziur etorriko dira, esperantza hori dut, behintzat.

Indartsu ibili zara esprintean, Fernando Gaviriaren mesedetan lanean. Riminin amaitu zen lehen etapa horretan, azkenean Bardet eta Van den Broeck txirrindulariek lortu zuten DSMrentzako erakustaldia. Baina Van Aert, Pogacar eta Van Gilsekin batera hantxe zinen zu. Horrelako etapa gehiago ere badatoz bigarren erdi honetan. Baten bat begiz jota al duzu?

Espero dut baietz. Egunez egun joan behar dugu. 11. etapa polita da, adibidez. Aurrerago ere karrera nola doan ikusiko dugu. Sailkapen nagusiko disputak beraien artean hasten direnean, horiek zailagoak izango dira lehiatzen. Baina aukera bilatzen jarraitu behar dugu eta, gainera, talde moduan ondo gaudela uste dut, animikoki ere gogotsu gabiltza, ea Enric Mas sartzen den sailkapen nagusian lehian. Horrela jarraitu behar dugu.

Igandean erremate horrek pena emango zuen. Oierren [Lazkano] zulatu horrek ere ez zuen aho zapore gozoegia utzi, berari irakurri genion bezala. Momenturik okerrenean gertatzen dira honelako kontuak, eta ezin da jakin ea beste aukerarik emango zukeen amaiera horretan etapa lehiaketarako.

Hasiera batean oso ondo joan zitzaigun dena. Hirurak sartu ginen, bai [Javier] Romo, bai Oier [Lazkano] eta bai ni. Dena oso ondo zihoan; gero, niri katea atera zitzaidan malda batean, pixka bat aldrebestuta ibili nintzen; gero Oierren zulatua, eta karrera erabat galduta genuela ikusi genuen. Berriz ere Romo eta ni saiatu ginen eta ahal genuenarekin etapa lehiatzera joan ginen.