A.E.
BILBO

Guggenheim Urdaibai Stop-ek urriaren 19rako manifestaziora deitu du

Sei galdera orokor, Guggenheim Urdaibai museoaren proiektua aipatu gabe, eta eragile sozial gutxi batzuei bidalita; Guggenheim Urdaibai Stop plataformak kritika hori egin dio, laburbilduta, Legebiltzarrak Busturialdearen etorkizunari buruz agindutako kontsultari. Egoera ikusirik, urriaren 19rako manifestaziora deitu du Gernikan.

Urtarrilean, Legebiltzarrean, EAJk eta PSEk bultzatuta, Bizkaiko eskualde hori biziberrituko duen plan estrategikoa garatzeko prozesu parte-hartzaile bat zabaltzea onartu zen, gizarte eragile eta eragile ekonomikoen partaidetzarekin. Bizkaiko Aldundiko BEAZ sozietate publikoak Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuari agindu zion galdeketa egitea, baina «itxurakeria baino ez» dela salatu du Guggenheim Urdaibai Stop-ek, sei galdera orokor baino ez direlako, bere esanetan. Hori dela eta, uko egin diote parte hartzeari. «Plataforma ez da sartuko joko horretan», esan zuten.

GARAk jakin zuenez, erabili diren irizpideak nahiko «selektiboak» izan dira, sindikatuak, gazte elkarteak eta gizarte-eragile ugari kanpoan gelditu baitira. Plataformez gain, gonbidatuak izan dira Busturialdeko alkateak, baita ADR Urremendi, Bermeoko Behargintza, AZTI, hainbat ikastetxe, Bermeoko Kofradia, Bermeoko Tuna World Capital, UBAI Faktoria eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua ere.

Zain Dezagun Urdaibai-k, esaterako, ez du gonbidapenik jaso. Baina beraien estrategia argi dute: «Proiektuak zenbat zati, beste horrenbeste auzi».