Abuztuaren 4ko mobilizaziora deitu dute azken ostiralean
Uztaileko azken ostirala izan zen herenegun eta, ohi bezala, Euskal Herriko kaleak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriz bete ziren. Abuztuaren 4ko mobilizazioa iragarri zuten berriz, Hego Euskal Herriko hondartzetan egingo dena.

Uztaileko azken ostiralean, hilabeteko azken ostiraletan legez, elkarretaratzeak egin zituzten euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde. Abuztuaren 4an hondartzetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko baliatu zuten hitzordua. 1.600 pertsona inguru elkartu ziren herenegun; udako oporraldia dela-eta zenbait herritan ez dute azken ostiraleko elkarretaratzea egiten, ordea.
Abuztuan Hego Euskal Herriko sei hondartzatan elkartuko direla iragarri zuten, «etxeratze prozesuaren aldarriak zabaltzeko». Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostiako hondartzetan izango dira mobilizazioak eta bertaratzeko eskaera egin zuten: «Flotagailu, piragua, surf taula, bainujantzi edo banderolak soinean hartuta abuztuaren 4an gurekin batera hondartzak hartzera gonbidatzen zaituztegu guztiok! Kosta ahala kosta etxera».
Uztaileko azken ostiralarekin, uda giroa sumatzen dela adierazi zuten, eta herrietako jaiak ere aldarriz bete direla goraipatu zuten: «Asteak daramatzagu euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren aldeko aldarriz kaleak betetzen».
Uda giroa eta bertako festa zein oporraldiak baliatuz preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarrikapena egiteko deia egin zuten: «Jantzi jaiak ‘etxera’ ikurrez eta zabaldu munduan zehar gure aldarrikapena».
ALDARRIKAPENA SEI HONDARTZATAN
Joan den asteazkenean, Sarek eta Etxeratek «gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra» aldarrikatzeko Euskal Herriko sei hondartzatan mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuten, aurten lehenengo aldiz elkarrekin.
Berritasun gisa, urtez urte Etxerat elkarteak antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu du aurten, aste honetan jakinarazi dutenez. «Elkarlanean, guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea», adierazi zuten Donostiako Loretopean eginiko prentsaurrekoan. 12.00etarako deitutako mobilizazio horiekin, «Kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dugu gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra. Kosta ahala kosta lortuko dugu, kosta ahala kosta lortu behar dugu», esan zuten hedabideen aurrean. Hori dela eta, gazte, heldu eta adinduei zabaldu diete mobilizazioekin bat egiteko deia.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
