Gorbata-kordak armairuan
Sasoian sasoikoa. Estropada kostaldean, jazza hor, festibala han, bluesa hemen… eta blusa eguna Arabako hiriburu zentripetuan, ez dakit zein koloretako birjinaren atarikoan. Egun horren harira, Transilvania pasatu zait nire burua izan daitekeen honetatik. Berakatzak gogoan! Aleetan antolatzen den porru familiako landare hori banpiroak uxatzeko erabili ei zen han, hemen zopa egiteko erabili arren. Gastronomia zirkularra! Tira, kordatan saltzen dituzten horiek ohikoa baino dezente gehiago saldu dira, itxura batean. Kezkatuta nago horrek nazioarteko banpiro-merkataritzan izan dezakeen eraginaz, are gehiago kezkatu ere munduko burtsetan mugitzen direnak ezagututa. Amen!
Kezka ez, baina jakingura sortzen dit Ajuriaeneko oraingo maizterraren armairuak. Kuriositatea, jakiteaz zelan duen antolatuta; gorbata-kordak zintzilik ote? Eguneko agendari begirada bota eta hitzorduak hitzordu, zelan erabaki kasuan-kasuan zein gorbata jantzi? Edo zein kasutan jantzi ez? Hortaz, lehengoan hemengo sindikatu nagusiari egin zion harrera (aurreko bileraren argazkia zuri-beltzekoa zen), gorbatarik gabe. Beste sindikatu abertzaleari egindakoan, ostera, gorbatadun ageri da argazkian. Kuriositatea, ba ote zegoen sindikalismotik haragoko mezu-abisu subliminalik? Udako ikastaroren batek eman ote lezake horretarako argia? Amen!
Tira, gure beheko Estatuko gobernuburua ere hartu du berrikitan Enea horretan, argazkiak bion arteko botere jauzia agertzen ez badu ere. Estatutua betetzeaz aritu ei dira, pergaminoak eskuan. Zenbat udako Joko Olinpiko joan behar dira horretarako? Eta zenbat neguko etorri behar, Emirerrietan ere? Bitartean, gorbatak ez, txandalak nagusi, nork bere estatuko bandera, ikurrinik ez! Sena behar da, ausardiarekin batera. Ez nago ibaiaz.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
