Gerraren aurkako mugimendua ere indartu beharko da

Uneotan, Iranen erreakzioa ezagutu arte itxaron behar da. Ismail Haniyeh Hamasen zuzendaritza politikoko buruzagia hil duen erasoari «erantzuteko betebeharra» duela ohartarazi du Teherango Gobernuak.

Aldi berean, Haniyehren heriotzak palestinar indarren arteko batasunaren auzia berpiztuko du ziur asko.

Analistek zalantzak dituzte Israelen probokazio kriminala aztertzean. «Erresistentziaren ardatzak» jarduten duen zazpi lurraldeetan Israelek egin dituen erasoek gerra eskualdera zabaltzeko gogoa iradokitzen dute. Estrategia horren helburuak lirateke, besteak beste, Benjamin Netanyahuren Gobernuak jasaten dituen barne kritikak murriztea, epe ertainean Ameriketako Estatu Batuen babesa bermatzea eta herrialde islamiarren arteko zatiketak areagotzea.

Hartara, probokazio horietan erori edo erantzuna neurtu eta atzeratzeko aukera baloratu behar dute, bai Irango agintariek, bai eta palestinar erresistentziako buruzagiek ere. Israelek «erantzuteko eskubidea» duela esaten den bezala, Iranek ere izango du, ezta?

Gaitasun militarraren aldetik indarrak erabat desorekatuta dauden arren, eta Israelen nagusitasun horren ondorio odoltsuak ahaztu gabe, erresistitzeko gaitasun itzela erakutsi dute palestinarrek.

Genozidioak eta gerra krimenen egitateek mundu osoko jendarteak palestinarren askatasunaren aldera lerratu dituzte. Eta Netanyahuren jokabidea babesten duten gobernuen jarrera zaildu dute.

Testuinguru honetan, sionismoaren jokamolde kriminalaren aurrean, nazioarteko legedia defendatu, armen salmenta eteteko presioa handitu, su-etenaren aldeko negoziazioak babestu eta bakearen aldeko indarrak handitu behar dira.