Desfilatzeko Udalaren baimena du Jaizkibelek, baina helburua urrun dago
Irailaren 8an Hondarribian konpainia gisa desfilatzeko baimena eman dio Udalak Jaizkibeli; orain arte Lakuak onartutako manifestazioaren baimena erabiltzen zuten desfilatzeko. Lehen aldia da Hondarribiko Udalak errekonozimendu hori egiten diona. Larruskainen hitzetan, «baimena urrats bat da, baina bidea luzea da oraindik».

Aste honetan eman du jakitera Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Udalak konpainia gisa desfilatzeko baimena eman diola lehen aldiz. «Ez da izugarrizko pausoa; batzuek ulertu dute alardean aterako garela eta ez gara aterako», zehaztu zion atzo Itziar Larruskain Jaizkibel konpainiako kideak GARAri. Izan ere, oso ezberdina da Udalak desfilatzeko baimena eman eta konpainia gisa aitorpena egitea -aurrerapauso esanguratsua, dena den- eta Jaizkibelen helburuak betetzea: alarde baztertzailea desagertu eta Hondarribian alarde misto eta publiko bakarra egotea.
«Aldaketa administratiboa da nagusiki. Lehen, manifestazio baimenarekin ateratzen ginen eta aurten beste konpainia bat izango gara», azaldu zuen Larruskainek. Kontua hobeto ulertarazteko urteetako barne funtzionamendua errepasatu zuen. Jaizkibel sortu zenetik udaletxean desfilatzeko baimena era ezberdinetan eskatzen ahalegindu izan dira; urtarrilaren 2an bertan proposamenak idatziz eginez edota alkate ezberdinekin ere bilduz, besteak beste. Baina beti erantzun bera jaso izan dutela esan du Larruskainek: «Ez digute erantzun izan edota beste ordu batzuetan eta beste kale batzuetan desfilatzeko proposamena egiten ziguten».
Horregatik, Lakuako Barne Sailera jo izan dute azken urteetan; izan ere, EAEko Berdintasun Legea aplikatuz lehentasuna zuten; «horregatik desfilatzen genuen guk lehendabizi», argitu zuen.
UDALARI ESKAERA
Iaz, ordea, Udaleko alkatetza Abotsanitz taldeak hartzearekin batera, aldaketetarako zirrikituak zabaltzen hasi ziren. «Keinuen urtea» izan zela aipatu zen han eta hemen, eta Larruskainek ere mugarritzat jo zuen: «Lehen aldiz alkateak, Igor Enparanek, desfilatzeko baimena berari eskatu ahal geniola esan zigun. Batzar bat egin genuen eta entseguetarako baimena eskatzea erabaki genuen, baina ez irailaren 8an desfilatzekoa». Hori zergatik izan zen galdetuta, taldean aurrerapausoak pixkanaka ematea erabaki zutela erantzun zuen.
Aurten berriro iritsi zaie alkatearen proposamena, eta aukeraren inguruan hausnartu ostean, eskaera egitea erabaki zuten Jaizkibeleko kideek. «Eta lehen aldiz udalaren baimena dugu, lehen aldiz aterako gara beste konpainia bat bezala gure herrian irailaren 8an, baina ez gara alardean aterako. Oraindik bidea dugu jorratzeko eta gure helburua lortu arte lanean jarraituko dugu: alarde bakarra eta parekidea lortu arte», azaldu zuen konbentzimenduz hondarribiarrak, «azken batean aurrerapauso bat da», aitortu zuen pozari ere leku eginez.
Alkatetza lortu berritan Enparanek NAIZ Irratian egindako elkarrizketan alardearen auziaren inguruan hitz egin zuen, eta adierazi zuen aldaketak ez zirela «egun batetik bestera etorriko», baina udalbatzaren lehentasuneko gaia izango zela.
Hala ere, Larruskainek oroitu zuen oraindik alarde baztertzailea eta Jaizkibel daudela Hondarribian. Alarde parekide eta bakarra egotea lortu nahi badute ere, udalaren aitortza ontzat hartzen dute Jaizkibeleko kideek: «Udalaren aitortza jaso dugu, eta hori herritar gisa oso garrantzitsua da, baina oraindik asko dago egiteko».
BIDEA URRATZEKE
Azken egunetan hedabide batzuek zabaldutakoa «eromena» izan da, Larruskainen ustez; izan ere, urratsa txalotu beharrekoa iruditzen zaio, baina neurrian, eta Jaizkibelen aldarria zein den ahaztu gabe.
Hausnarketa bat plazaratu zuen auziak hartutako dimentsioaz: «Izandako oihartzunak erakusten du gogo handia dagoela hau konpontzeko. Sozialki jada aldaketa bat eman da, baina gu oso kontziente gara oraindik bidea falta zaigula. Pausoak aurrerantz doaz, ez atzerantz; beraz, bide onetik goaz. Lortuko dugu, baina oraindik ez dugu lortu, eta inork ez du ahaztu behar oraindik borroka bat dagoela Hondarribian eta lortu arte jarraitu behar dugula lanean».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
