GARA
UHARTE-ARAKIL

Ardien euskal moztaileek ofizialtasuna eskuratu dute

Euskal moztaileek nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartzeko baimena eskuratu dute. Atzo ezagutzera eman zuten albistea, Uharte-Arakilen 56. Artzain Eguna ospatzen ari zirela egindako agerraldi batean. Festa giroa nagusitu zen herri osoko kaleetan.

56. Artzain Eguna ospatu zuten atzo Uharte-Arakilen.
56. Artzain Eguna ospatu zuten atzo Uharte-Arakilen. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Erabaki historiko» bat plazaratu zuten euskal ardi moztaileek atzo Uharte-Arakilen, 56. Artzain Eguneko festa giroa baliatuz. Euskal Herriari ofizialki ardi mozteko eta artilea sailkatzeko nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko baimena eman diotela adierazi zuten bertan elkartutako ardi moztaileek. Eta, horrekin batera, ilusioz iragarri zuten Euskal Herriko Txapelketa antolatu nahi dutela 2025ean, eta 2026an munduko txapelketan parte hartzeko Euskal Selekzioaren taldea osatzeko lanean dabiltzala.

Parte hartzeko baimena Munduko Kontseiluak erabaki zuen, Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) lehendakariak egindako aurkezpenaren ondoren. Aurkezpenean artzaintzak eta ardiei ile mozteak Euskal Herrian duen «garrantzi kultural paregabea eta bertako tradizioak zaintzeko zein lehenengo sektorea babesteko egiten duen funtzioa» nabarmendu zituen. Ardi Euskal Moztaileen ofizialtasuna babestu zuten bilkuran parte hartu zuten hamabost nazioek, Estatu espainola eta frantsesa barne. «Orain Euskal Herria nazioartean aintzatetsitako ekitaldietan lehiatzen diren nazioen liga entzutetsu batean sartuko da», azaldu zuten atzoko agerraldian.

MUNDUKO TXAPELKETA

Hiru urtean behin egiten da Munduko Txapelketa eta hurrengo ekitaldia 2026ko martxoan izango da Mastertonen, Zeelanda Berrian. Bertan parte hartzeko asmoz eta Euskal Selekzioa osatu ahal izateko, babesa eta laguntza bilatzen ari direla adierazi zuen EAMEk.

Taldea osatzeko honako parte hartzaileak behar dituzte: bi moztaile makinaz, beste bi artaziz, bi artile kudeatzaile, epaile bat, entrenatzaile bat, eta taldeburu bat. Gogoratu zuten Golden Shear World Councilen (GSWC) arauek diotela parte hartzaileek haien herrialdeetan gutxienez aldez aurretik 5 urtez erroldatuta egon behar dutela.

GSWCk antolatzen du munduko txapelketa, «ardi mozketak eta artilearen kudeaketa sustatzeko helburuarekin». Ardi moztaileek adierazi zuten elkarteak mundu osoko artilearekiko interesa defendatzen duela.

2025ARI BEGIRA

Euskal Herriko Elkartea 2024ko maiatzean sortu zen, eta Euskal Herrian izaten diren ikastaro, lehiaketa eta erakustaldiak sustatzea du helburu, baita nazioarteko txapelketetan ordezkaritza izatea ere. 2025ean Euskal Herriko Txapelketa Nagusia antolatu nahi dutela aipatu zuten Uharte-Arakilen. Horretarako, bazkideen, babesleen eta batzorde antolatzaile baten bila dabiltza.