Gustu guztientzako moduko pasta platerak
Lehiaketa Gastronomikoak azken eguna izan zuen atzo. Lehiaketa orokorretik kanpo 30 bat talde aritu ziren, pasta nork ondoen kozinatuko. Sailkapen orokorrean irabazlea Intxaustis kuadrilla izan zen eta Kranba! gailendu zen konpartsen artean. Aurten aurreneko aldiz egin dute pasta sariketa, zezen buztanaren ordez.

Aste Nagusia bukatu da eta baita Lehiaketa Gastronomikoa ere. Lehiaketa orokorra larunbatean bukatu zuten eta, beraz, gutxiagok parte hartu zuten atzoko pasta sariketan, 30 bat taldek, hain zuzen ere. Aurreko urteetan zezen buztana prestatu ohi zuten; aurten, ordea, pasta lehiaketa egitea erabaki dute Bilboko Konpartsek. Kranba! izan zen irabazlea konpartsen arteko sailkapenean eta Intxaustis kuadrilla gailendu zen orokorrean.
Izen ematea 10.30ean ireki zuten, eta agertutako talde kopuruarekin pozik agertu zen Irma Iglesias: «Zezen buztanarekin aurkezten zen jende kopuruaren antzekoa da». Lehenengoz aurten egin dute pasta lehiaketa, parte hartzaileei «munduko platerak» prestatzeko gonbita eginez. Aldaketa hainbat arrazoik bultzatu dutela azaldu zuen Iglesiasek. Horietako bat parte hartzea sustatzea da, errazagoa baita pasta kozinatzea.
Beste bat, kozinatze prozesuaren hasiera atzeratzea. Izan ere, azken larunbatean bereziki luzatzen da parranda, eta, entrega ordura garaiz heltzeko, asko txosnagunetik kanpo hasten ziren platera prestatzen. «Helburua Areatza lapikoz betetzea da, eta ez zen hori gertatzen ari», azaldu zuen Iglesiasek. Halaber, «beste kultura batzuetako» jendea animatu zedin ere xedetzat izan du aldaketak, Konpartsen izaera herrikoiaren erakusle.
Batzuei aldaketa gehitxoago gustatu zaie beste batzuei baino, horrelakoetan gertatu ohi denez. Tintigorri Konpartsako Roge Diazek eta Jon Martinezek zalantzak zeuzkaten aldaketa onerako izan ote den. Zezen buztana plater «tradizionalagoa» bada ere, pastak «lasaiago» ibiltzeko aukera eman zien. Hala ere, zaila iruditu zitzaien baldintza hain zabalak izatea, pasta izan behar zuela besterik ez baitzitzaien zehaztu. Roastbeef gyozak prestatu zituzten, saltsa gezaminarekin, eta pasta puttanesca erara. Baita ondo prestatu ere, hirugarren geratu baitziren.
Berrikuntza begi onez ikusi zuen Uribarri Konpartsan Aste Nagusirako kidetzat hartu duten Roberto Castellano kanariarrak: «Asko eskertzen diet gonbita». Uste du garai berrietara egokitu beharra dagoela, eta, horrela, pasta beganoa prestatu zuten, pistatxoak eta guzti.
Algara Konpartsako Eva Santamariari ere egokia iruditu zitzaion aldaketa. Hain zuzen ere, konpartsan eskaintzen duten ogitartekoetako baten bertsioa egin zuten lehiaketarako, Algara bokatari ogia kendu eta pasta jarrita.
Maila ona izan zela iruditu zitzaion Lorenzo Altomonte epaileari. Sukaldari italiarra izaki, adierazi zuen «Italian ez egoteko, nahiko maila ona» eman zutela, askotarikoa, gainera. Horrenbeste, non ardura berriz ere hartzea espero duen.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
