Manex ALTUNA
2009

Zinemira, euskal zinemaren sail propioa Donostiako Zinemaldian

Imanol Uribe zine zuzendariak jaso zuen lehen Zinemira saria 2009an.
Imanol Uribe zine zuzendariak jaso zuen lehen Zinemira saria 2009an. (Jon URBE | FOKU)

Garai batean euskal zinemari egun bateko tartea eskaintzen zitzaion Zinemaldiko egitarau ofizialetik kanpo. Urteak igaro ahala, Zinemaldiaren parte izatea lortu zuen, eta azken hamabost urteetan sail propio bat izan du. Hain zuzen ere, 2009ko irailaren 2an aurkeztu zuten Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama izenarekin. Patxi Lopezekin Lakuako Kultura sailburua izandako Blanca Urgellek eta Zinemaldiko zuzendaria zen Mikel Olacireguik eman zuten egitasmoaren berri Gasteizko Gobernuak Donostian duen egoitzan egindako agerraldian.

Olacireguik azaldu zuenez, bi helburu zehatzekin sortu zen sail berria. Alde batetik, euskal zinemaren normalizazioa ekartzeko eta, bestetik, sortzaileen artean «lehiakortasuna» eragiteko. Zinemaldiko zuzendariak aitortu zuen aldaketa horrek alde onak eta txarrak eragingo zituela: «Positiboa da oso euskal zinemari eskainitako sail bat izatea eta Zinemaldiak irauten duen egun guztietan bertan ekoitzi diren filmez gozatu ahal izatea. Beste alde batetik, esan beharra dago, ordea, soilik bederatzi filmek parte hartuko dutela sail honetan, eta beste asko kanpoan geratu direla».

Izan ere, jaialdiaren antolatzaileek 30 pelikula inguru aztertu zituzten aukeraketa egin aurretik. Horrela, aurreko urteetan egiten zen Euskal Zinemaren Egunean bertako ekoizpen guztiak eskaintzen bazituzten ere, hortik aurrera hautatuek soilik izan dute jendaurrean ikusgai izateko aukera.

Bestalde, Iratxe Fresnedak, Ikus-entzunezko komunikazioan irakasleak, ondoko hitzekin nabarmendu zuen Zinemiraren sorrera GARA egunkarian 2010ean idatzitako iritzi-artikuluan: «Zinemira izan da Mikel Olacireguiren taldearen erabaki on nagusietako bat. Lehen Euskal Zinemaren Eguna bazen ere, gaur egungo saila aurrekoaren aldean funtsezko zerbait da: Zinemirak euskal proiekzioak Zinemaldiaren ohiko zirkuituan integratzen ditu. Beste ikusle mota batzuengana hurbiltzeko modu adimentsua da, euskal ekoizpenak jatorrizko «habitatetik» kanpo «ateratzeaz» gain, pase gehiago eskainiz. Zinemira erakusleiho garrantzitsua da gure zinemarentzat, Donostiako Zinemalditik beste leku batzuetara eta beste begirada batzuetara iristeko».

Esan bezala, bederatzi film eskaini zituzten Zinemira martxan jarri zen lehen urtean. Horietako hiru areto komertzialetatik igaro ziren aurretik eta bi aldiz ikusi ahal ziren Zinemaldian. Besteak beste, Berlingo zinemaldian saritutako «Ander» (Roberto Caston), Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak Palestina, Israel eta Zisjordaniako lurretan filmatutako «Checkpoint Rock» dokumentala, eta Aizpea Goenagak zuzendutako «Sukalde kontuak» komedia.

Horrez gain, sei estreinaldi egon ziren: «Itsasoaren alaba» (Josu Martinez), «Zinema eta bizitza» (Arkaitz Basterra), «Rough Winds» (Andrea Olabarria), «Umurage» (Gorka Gamarra Gaztañaga), «Zuzendu, mesedez!» (Juan Miguel Gutierrez) eta «Lainoak margotzeko makina» (Patxo Telleria eta Aitor Mazo).

GALA

Azken pelikula honen emanaldia Victoria Eugenian antolaturiko Euskal Zinemaren gala egunean eskaini zuten. Era berean, Imanol Uribe zuzendariak Zinemira saria jaso zuen. Nahiz eta Euskal Herritik kanpo jaiotakoa izan, San Salvadorren jaio baitzen 1950ean, euskal ekoizpenean «berebiziko garrantzia» izan duen profesionala dela nabarmendu zuten. «El proceso de Burgos» (1979), «La fuga de Segovia» (1981) eta «La muerte de Mikel» (1984), egoera politikoari lotutako lanak izan dira Uriberen ibilbidean itzal gehien lortu dutenak. Haien atzetik, beste genero batzuk landu ditu «Adios pequeña» (1986), «El rey pasmado» (1991) -biekin Urrezko Maskorra irabazi zuen-, «Dias contados» (1994) eta «Bwana» (1996) izeneko filmekin. Uribek hunkituta jaso zuen saria Alex de la Iglesia lagunaren eskutik. Nabarmendu zuenez, «erantzukizun handia da sari hau niretzat, lehenengoa bainaiz. Hemendik aurrera bizitza luzea izatea opa diot».

Uriberen ostean, Alex Angulok jaso zuen saria 2010ean. Aktore bizkaitarra 2014an hil zen auto istripu batean, Errioxan pelikula bat grabatzera zihoala. Hain zuzen ere, “Bendita calamidad” izeneko filma. 61 urte zituen hil zenean. Irakasle ikasketak egin arren, irakaskuntza utzi eta interpretazioaren murgildu zen 80ko hamarkadatik aurrera. Pelikula askotan aritu zen, eta Goya sarietarako ere hiru aldiz izendatua izan zen aktore nagusi gisa Alex de la Iglesiaren “El dia de la Bestia” eta “Muertos de risa” filmetan egindako lanarengatik, eta baita “Gran Vazquez” pelikularengatik ere.

Uribe eta Angulorekin batera, Zinemira saria ondokoek jaso dute: Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), Jose Maria "Txepe" Larak (2019), Sara Bilbatuak (2019), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022) eta Paco Sagarzazuk (2023).



[1987] Hil osteko omenaldia Xabier Sagarzazuri Atotxan

Realeko lehen taldean lau denboraldi egin ondoren, Azkoitiko defentsa Deportivo taldeak fitxatu zuen, eta bat-batean hil zen 1987ko denboraldiaurrean. Urte bereko irailaren 2an, talde txuri-urdinak lagunarteko partida bat antolatu zuen Ligako jokalariz osatutako talde baten kontra. Urte berean Realak irabazitako Kopako finala izan zen Xabier Sagarzazuk talde txuri-urdinarekin jokatu zuen azken partida. Azkoitiko hegaleko atzelariak lau denboralditan jokatu zuen Donostiako lehen taldean, eta 154 partida jokatu zituen. Uda horretan bertan Deportivon lehorreratu zen, eta denboraldiaurrean hil zen -abuztuaren 16an, hain zuzen ere-, lagunarteko bat jokatzera zihoala. Bat-bateko heriotza eragin zion garun-isuri batek 29 urte bete baino lehen.

Aste batzuk geroago, Realak hil osteko omenaldia antolatu zuen Atotxan. 18.000 ikusle inguru joan ziren adiskidantzazko partidara, eta 14 milioi pezeta inguru bildu ziren, Tito Irazustak ‘Egin‘ egunkarian egindako kronikan jasotzen zuen bezala. Toshackek entrenatzen zuen Realak 3-2 irabazi zion Ligako 25 jokalarirekin apropos osatutako eta Azkargortak gidatutako taldeari.