Ordu desberdinetan izango dira alardeak Hondarribian
Akordiorik lortu ez dutenez, alarde baztertzaileak eta alarde parekideak ez dute ordu berean desfilatuko datorren igandean Hondarribian. Igor Enparan alkateak eman zuen atzo horren berri, jaietan «erantzukizuna» eskatzearekin batera.

Alarde baztertzaileak, batetik, eta parekideak, bestetik, ordutegi desberdinean desfilatuko dute igandean Hondarribian, Igor Enparan alkateak atzo jakinarazi zuenez. Izan ere, ez da bien arteko akordiorik lortu.
Datorren ostiralean, etzi, hasi eta hilaren 11n amaituko diren herriko jaiak direla eta, Enparanek azaldu zuen Udalaren helburua dela «herritarrek jaiak lasaitasunez eta soseguz bizitzea», eta espero duela, «egindako lanaren ondoren», aurten «giroa parte-hartzailea eta errespetuzkoa» izatea jaiegun horietan.
Alkateak uste du jai honetan parte hartzen duten guztiek «bakoitzaren onena» jarriko dutela «egun hauek bete-betean bizi ahal izateko».
Gainera, jakinarazi zuenez, Jaizkibel Konpainiak eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak «leku eta ordutegi berberak eskatzen zituzten, eta elkarrizketarako saiakera asko egin ondoren, Udalak badaki une honetan eragile horien arteko akordioa ezinezkoa dela».
Horregatik, Udalak abuztuaren 22ko 2024/2329 eta 2024/2337 dekretuak eman ditu, ordutegi bereiziarekin eta beharrezko entseguekin egiteko baimenak ematen dituztenak. «Aipatutako bi dekretuek elkarteen ekimenak bateragarri egiten dituzte», adierazi zuen Igor Enparan Hondarribiko alkateak.
Horrekin batera, jakitera eman zuenez, «eskatutako argibideak eta astearte honetan jasotako Udaltzaingoaren arriskuen ebaluazio-txostena ikusita, 2024/2440 eta 2024/2449 dekretuak eman dira, 2024/2337 dekretua osatu eta argitzen dutenak».
«Udal ebazpen hauetan, Udal honek ahalegin zintzoa egin du espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta egokien egiteko, baina azken egunek erakutsi digute etorkizunean agian eraginkorragoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzen saiatu behar dugula», azaldu zuen Enparanek.
Era berean, 2024/2329, 2024/2337, 2024/2440 eta 2024/2449 dekretuak Hondarribiko Udalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jarriko dira, «herritar guztien eskura, modu errazean». Azkenik, Hondarribiko Gobernuaren izenean, «erantzukizuna» eskatu zuen, «guztioi dagokigulako jai egun alai, lasai eta parte-hartzaileak bermatzea».

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
