GARA
DONOSTIA

Iriartek dio ez direla egin zerga erreformak behar dituen izapideak

Gipuzkoako zerga erreforma 2025 hasieran indarrean egon dadin onartu behar den foru arauaren zirriborroa ez du erregistratu Eider Mendozaren gobernuak, edo egin badu, ez du jakinarazi, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi zuenez.

Iriartek prentsaurrekoa eman zuen Donostian, zerga erreformaz hitz egiteko.
Iriartek prentsaurrekoa eman zuen Donostian, zerga erreformaz hitz egiteko. (Andoni CANELLADAU | FOK)

 

Hiru hilabete barru indarrean behar luke Gipuzkoako erreforma fiskalak, baina hori horrela izan dadin behar diren aurretiazko izapideak ez ditu egin EAJ eta PSEk osatzen duten foru gobernuak, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi zuenez. Fiskalitatea «errotik» aldatzea aldarrikatu zuen, epe laburrean etorriko diren erronkek hala eskatzen dutela iritzita.

Uztailaren 15ean onartu zuten Gipuzkoako batzar nagusiek zerga erreformaren inguruan egindako ponentziaren txostena. EAJ, EH Bildu eta PSEren artean oinarriak adostuta, foru arauaren zirriborroa erregistratzea izan beharko litzateke hurrengo pausoa, eta abenduan onartu beharko litzateke beranduenez, erreforma 2025 urtearen hasieran indarrean egon dadin. Iriartek salatu zuen, baina, horrelakorik ez dela egin, edo egin bada, gobernuak ez duela jakinarazi.

«Horrelako gai batek, erantzukizunez jokatu nahi bada eta herritarrek emandako mandatu politikoari erantzun nahi bazaio, aurretiazko lanketa sakon bat beharko du, eta horrek denbora eskatzen du. EH Bilduk, behintzat, hala jarduten du. Hona heltzeko alderdien artean egin dugun lanketaren gisakoa izan beharko da foru gobernuarekin bere inplementaziorako egin beharko dena», adierazi zuen Iriartek atzo Donostian eman zuen prentsaurrekoan.

Gainera, Eider Mendozak gidatzen duen gobernuari galdegin zion kontuan har dezala aurrekontuak lantzeko sasoia dela. «Gure ustez ezinbestekoa da aurrekontuen lanketan hasterako erreforma fiskalari dagokiona bideratuta egotea», adierazi zuen.

«ERROKO» ERREFORMA

Iriartek nabarmendu zuenez, erreforma fiskalaren foru arauak uztailean sinatutako akordioaren izpiritua jaso beharko luke. Baina, horrez gain, erreforma Gipuzkoatik harago zabaldu behar dela iritzi du, eta herri ikuspegiarekin landu «Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian nagusi diren hiru alderdien artean egin zen akordioa; EH Bildu, EAJ eta PSE; adostasunetarako abiapuntu egokia, beraz», azpimarratu zuen.

Euskal Herriak «erronka handiak» izango ditu etorkizun laburrean, gogoratu zuen, eta horiek fiskalitatea «errotik» aldatzea eskatzen dutela. «Herri erronka handi horiei tamainan erantzungo dieten bitartekoak behar dira, baita baliabide ekonomikoak ere. Horregatik, ez da aldaketa txiki edo ñabarduretarako unea», adierazi zuen EH Bilduren Gipuzkoako eledunak.