Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Kraterra

Mendebaldeko telebista kateak AEBetako presidente hauteskundeetara aurkezturiko hautagaietako biren arteko debatearen nondik norakoekin itsututa zebiltzan bitartean (beste hiru hautagai ere badaude; haietako baten programak, Alderdi Berdeko Jill Steinenak, jendearen ongizatea, planeta, eta palestinarren genozidioaren amaiera ditu ardatz, besteak beste), Israelgo okupazio armadak Gazako Mawasi gune humanitarioan jaurtikitako bonbek (AEBetan egindako MK-84 indartsuak) krater bat zabaldu zuten lurrean.

Gutxienez 19 palestinar hil zituzten, eta hainbat zauritu. Dozenaka lagun desagertuta daude. Biktimen kopuru zehatza jakiterik ez dago, bonben ondorioz zenbait biktimen gorputzak aztarnarik utzi gabe desegin baitziren.

Israelek sarraskia egin eta hurrengo egunean izan zen ditxosozko debatea. Bi hautagaiek erabateko babesa adierazi zioten Israeli. Batek, gainera, hango eta hemengo liberalen kutunak, egun batzuk lehenago adierazitakoa berretsi zuen: AEBetako Armada munduko indartsuena eta hilgarriena izango dela bere agintaldian, presidente aukeratuz gero.

Kraterrera doakit gogoa. Film apokaliptiko batetik harturikoak ematen zuten Gazatik bertatik Ekialde Ertaineko hedabideentzat ari diren kazetari profesional eta bolondresen irudiek. Ez da film bat, ordea, Mendebaldeak sorturiko errealitatea baizik.