Hezkuntzako sindikatuek bilera eskatu diote Maria Chiviteri
«Sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko» helburuarekin, LAB, Steilas, ANPE, Afapna, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek sortutako greba batzordeak bilera eskatu dio Maria Chivite Nafarroako lehendakariari.

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariek (LAB, Steilas, ANPE, Afapna, CCOO, ELA eta UGT) irailaren 26ko grebari begira sortutako batzordeak eskaera formala erregistratu dute Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin batzartzeko, «sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko»; hala jakinarazi zuten atzo Iruñean egin zuten agerraldian.
Greba egun horri begira, sindikatuek aurreratu zuten goizean mobilizazioak izanen direla eskualde buruetan, eta arratsaldean manifestazioa eginen dutela Iruñean.
Atzoko agerraldian adierazi zutenez, sindikatuek «hilabete asko» daramatzate Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin negoziatu nahian, eta «borondate onenarekin» parte hartu izan dute proposatu zaizkien lantalde guztietan. «Departamenduaren erantzun eskasa ikusita, aho batez erabaki dugu mobilizazio egun bat deitzea sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin».
Nabarmendu zutenez, «irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jaso dezaten» mobilizatuko dira. «Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu. Izan ere, inork zalantzan jartzen du ratioen jaitsierak, lan gainkarga arintzeak eta irakasle-plantilla egonkorragoak izateak mesede eginen dietela gure ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari?», galdetu zuten.
Iragan irailaren 6an erregistratu zuten sindikatuek greba deialdia, baina ordutik Hezkuntza Departamenduko zein Nafarroako Gobernuko inor ez da beraiekin kontaktuan jarri. «Horregatik, asteartean erregistratu genuen greba batzordearen eta Maria Chivite lehendakariaren arteko bilera bat egiteko eskaera, eta benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen», jakinarazi zuten.
IRAKASLEEN BATZARRA
Egunotan, ordezkari sindikalak Nafarroako ikastetxe publiko guztiak bisitatzen ari dira; dozenaka batzar egiten eta aldarrikapenak irakasleekin partekatzen dihardute. «Irakasleak aho batez ari dira aldarrikapenak babesten», baieztatu zuten. Gaur, 17.30ean, batzarra eginen dute Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian, irakasle guztiei zuzenduta.
Gauzak horrela, irailaren 26ko greba egunean, goizean mobilizazioak izanen dira Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran, eta arratsaldean manifestazio bateratua eta bakarra eginen dute, Iruñean, 18.00etan Gurutze plazatik abiatuta.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
