GARA
GASTEIZ

Iruña Okan 4.800 paneleko eguzki parke berri bat proiektatu dute

Comunión II enpresak 4.788 eguzki panel ipini nahi ditu Iruña Oka udalerrian. Parkeak 2,9 megawatt nominaleko potentzia instalatuta izango du, eta 1,6 milio euroko aurrekontua. Proiektuari alegazioak aurkezteko, hogei eguneko epea irekiko da bihar.

Eguzki panelez osatutako energia parke baten artxiboko argazkia.
Eguzki panelez osatutako energia parke baten artxiboko argazkia. (Wikus DE WET | AFP)

Fotovoltaica Comunión II enpresak 4.788 eguzki panel instalatu nahi ditu Iruña Okan. Hala jasotzen du Lakuako Gobernuko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren iragarkiak. Izan ere, Lakuak aurretiazko administrazio eta eraikuntza baimenaren eskaera jaso du.

Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zehazten denez, parkeak 2,9 megawatt nominaleko (MWn) potentzia instalatua izan beharko du, eta 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

Proiektua Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzan azter daiteke, bai eta Gobernu autonomikoaren atari digitalean ere, Energia eta meategi inguruko proiektuei buruzko informazioaren arloan. Bihartik aurrera 20 eguneko epea irekiko da kontrako arrazoibideak aurkezteko.

LEHENA, LABRAZAKOA

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atzo adierazi zuenez, herrialdeko energia berriztagarriaren lehen proiektua «Labrazako parke eolikoa izango da, eta Ekieneako parke fotovoltaikoa, berriz, aurreratuta dago» Armiñonen.

Foru Gobernuaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan kazetariek horri buruz galdetu ziotenean, Gonzalezek nabarmendu zuen Arabarako energia sortzeko «bi proiektu garrantzitsu» direla. «Planteatutako 80 proiektuk baino gehiagok izapidetze zorrotza jarraitu behar dute». Beraz, Aldundiak duen informazioaren arabera, «gehiengoak ez du aurrera egingo». Alde horretatik adierazi zuen «administrazio publikoen eskakizunek ez dutela ahalbidetuko gehienek aurrera egitea».

«Ezinbestekoa da ingurumenaren, nekazaritzaren eta gizartearen ikuspegitik bideragarria izateko baldintzak betetzea. Proiektuak banan-banan aztertuko dira eta, agian, aldaketekin egin beharko dute aurrera», adierazi zuen Arabako ahaldun nagusiak.