Eli PAGOLA
ARIZKUN

Baztanen bakarrik dauden sagarrak ezaugarrituz egin nahi dute sagardoa

Kirikoketa besta egin zen Arizkunen igaro den asteburuan, Eztibeltza kooperatibak antolatuta. Besta, bai, baina lan puska batekin. Xabi Torres kidea izan zen, NAIZ Irratian jaiaz eta sagarraren munduan langai dutenaz hitz egiteko. Azaldu zuenez, sagar interesgarri batzuk ateratzen ari dira, berriz ere hegemonia gehiago har dezan bertakoak.

Arizkungo Kirikoketa Eguneko artxiboko irudi bat.
Arizkungo Kirikoketa Eguneko artxiboko irudi bat. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Kirikoketa bestarako kartelean irakurria da: «Etorri lanerako prest eta ekarri zure musika tresna». Sagar jotzetik sortutako musika da kirikoketa, eta besta honen motiboetako bat da erakustea musika tresna arkaikoek zer lotura duten lanekin eta lan tresnekin.

Kasu honetan, sagardogintzari lotutako lanak eta kirikoketa jotzea erakutsi nahi izan dituzte. Hori bai, ez da erakustaldia bakarrik, lan egiteko modu baten transmisioa baizik. Eztibeltza kooperatibak bi adar batzen ditu: ogibidea lurrari loturikoa izatea eta modu kolektiboan egituratzea.

Xabi Torres kideak NAIZ Irratiari azaldu zionez, Jo Ala Jo Kultur Elkartean lan handia egin da ohitura eta folklore arloan: doinuetan, kantetan, dantzetan eta baita kirikoketan ere. «Hari horri tiraka berreskuratu genuen XVII. mende erdialdeko sagardo fabrika bat, dolaretxe bat eta sartu ginen sagarren eta sagardoaren mundu honetan, afizioz hasieran. Gerora, proiektua nolabait biribiltzeko edo, itxi berria zen sagardotegi bat hartu genuen 14 lagunen artean modu kolektiboan: Larraldea».

TXIKIA IZATEA ERABAKI DUTE

Zehaztu zuen Gamioxarrean 1.000 litro inguru egiten dituztela eta zati bat sagardo egingo dutela, eta beste bat, pasteurizatu eta zuku. Baina hori Gamioxarrean geratuko da. Larraldean, bere txikian, ekoizpen handiagoa dute. «Ekoizpen txikian mantendu nahi dugu, inguruan maneiatuko den sagardotegi bat izateko. Dimentsio handiagoa hartzen duzunean, inbertsioak handiagoak dira eta baliabide teknologiko gehiago behar dira. Hemen erabakia da sagardotegi txiki bat izatea, gehienez 30.000 litrokoa», adierazi zuen Torresek.

Eztibeltza, antza, Baztango sagar barietate bat da. Kooperatibaren izenera ekartzeaz gain, upeletara ere eramaten dituzte Baztango sagarrak. «Urte ez pareetan sagarra badago ausarki Baztanen. Sagardiak dituztenekin tratuak egiten ditugu sosetan edo sagardia zaintzearen truke; beraz, sagar guztia Baztanen biltzen dugu. Barietateei dagokienez, ari gara karakterizazio genetiko bat egiten eta ikusten erregistro desberdinetan ea sagar horiek agertzen diren edo ez. Nahi dugu Baztanen bakarrik aurkitu ahal izan diren sagarrak ezaugarritu eta horiekin sagardoa egin. Oraingoz, hori etorkizuneko asmoa da, barietateak ez baitaude behar beste eta behar bezain ongi identifikatuta».

Urte pareetan, ezurtean, Baztanen behar beste ez dutenean, Izpuratik jasotzen dute sagarra. «Sagardi handiak daude eta badute zerikusia geure barietateekin».

BITXIKERIAK

Azterketa genetikoez den bezainbatean, oraingoz egin den analisia orokorra da, zeren azterketa gehiago egin daitezke, beste adierazle genetiko batzuetara heltzeko eta bere ibilbidea ezagutzeko. «Lehen analisi honetan gauza bitxiak ikusi ditugu. Adibidez, baserri batean bazegoen arbola zahar bat, eroria… izena ere jarri zitzaion eta, azterketa egin ondoren, ikusi da mota hori dela arrunt-arrunta Ingalaterran». Bestalde, sorpresa politak ere hartu dituzte. «Baserritar zenbaiti bildu genizkien txertoak egiteko mentuak, eta analisien bidez ikusi da lau, behintzat, badaudela ez dutenak parerik Europako beste erregistroetan».

Sagardogileak esan zuenez, ari dira ateratzen sagar batzuk interesanteak direnak, hemen berriz ere hegemonia gehiago har dezan bertako sagarrak. «Azken batean, desplazatzen joan dira, badaude Golden anitz, badaude Gipuzkoatik ekarritako sagar anitz eta bertako barietateak presentzia galtzen joan dira».

Baztango sagar barietateak ekartzeko ahalegina egina dute, Pello Mendikoaren segida hartuta. «Horiek dira jakintza hori mantentzen ari direnak», nabarmendu zuen Torresek.