Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THIS IS THE ZODIAC SPEAKING

Zodiakoaren hiltzailearen misterioak hor dirau

David Fincher-ek, 1995. urtean, thriller kriminalaren generoa goitik behera irauli zuen “Seven” filma estreinatu zuenean. Izenburu horretatik aurrera, serieko hiltzaileekiko eta trama poliziakoekiko zuen interesa oso nabarmena zela frogatu zuen.

Urte batzuk geroago, 2007an, Robert Graysmith idazlearen liburuan oinarrituriko “Zodiac” maisulana zuzendu zuen; ziurrenik bere filmografiatik gehien miresten dudan pelikula da. Zodiakoaren hiltzailearen benetako kasua aztertzen du. Ekintza horiek burutzen zituenean, gainera, komunikabideei eskutitzak helaraziz pistak ematen zizkien. Thrillerraren mugak gainditzen ditu film gutxietsi honek. Bikaina da.

Filma ikusi nuenetik asko erakartzen nau kasu horrek eta gaiari loturiko hainbat liburu irakurri eta dokumental batzuk ikusi ditut. Bada, berriki, “This is the Zodiac Speaking” (gazteleraz, ‘‘Soy Zodiac’’) dokumentala estreinatu da. Hiru ataleko dokumental sortak ikerketari buruzko ikuspegi berriak aztertzen ditu eta Arthur Leigh Allen izeneko gizonezkoa susmagarri nagusitzat jotzen du. Testigantzak, artxibo irudiak eta adituekin elkarrizketak uztartu dituzte, narratiba nahiko erakargarria sortzeko. Gidoia oso ondo egituratua dago, sentsazionalismoan erori gabe, eta inplikatuak egon ziren guztiak errespetuz tratatzen dituzte.

Dokumentalaren indarguneetako bat bere sakontasun emozionala da eta antzeko lanetatik nabarmentzen duen osagai bat duela: ustezko hiltzailea ezagutzen zuen familia baten ikuspegia eskaintzen du. Allen, susmagarria izateaz gain, Seawater familiarekin lotura estua duen norbait balitz bezala aurkezten da, eta haren nortasunaren dualtasun beldurgarria erakusten dute. Krimenen mundua gustuko baduzue, eta bereziki kasuaren jarraitzaileak bazarete, ikusi beharrekoa.