GARA
IRUÑEA

Hitzarmen eta soldaten aldeko greba egin dute Gizain fundazioan

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzen dituen Gizain fundazioaren enpresa batzordeak deituta, bertako langileek greba egin zuten atzo. Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eta haien soldatak Administrazioarekin parekatzea eskatu zuten.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek elkarrekin argitaratutako ohar batean nabarmendu zutenez, Gobernuak gutxieneko zerbitzua %50ean ezarri zuen arren, greba «arrakastatsua» izan zen eta lanuztea egiterik zuten langile gehienek egin zuten.

Nafarroako Gobernua fundazioaren 6.3 artikulua ez dela betetzen ari gaitzetsi zuten. Honen arabera, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei aplikatutako soldata igoera aplikatu behar zaie langileei. Sindikatuek diotenez, Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen.

Hala ere, «borondate politiko gutxi» erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta «are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko».

Enpresa batzordeak bigarren hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera ere salatu zuen.