Euskal «irritarrek» gorazarre egingo diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi
«Maite zaituztegu, eskerrik asko!» oihu ozena entzungo da maiatzaren 3an, Bizkaia Arenan. Behingoagatik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez dira eszenan egongo, publikoaren artean baizik, euskal «irritarren» omenaldi bero bezain alaia jasotzen. Musikarien, abeslarien, dantzarien, antzezleen, artista plastikoen eta bertsolari ugariren parte hartzea iragarri dute.

Euskal Herritik bildutako milaka pertsonak «maite zaitugu» esango diete Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. Herri omenaldia 2025eko maiatzaren 3an izango da, 17.00etatik aurrera. 14.000 pertsona biltzea espero dute sustatzaileek. Ostiral honetan 11.00etan jarriko dira sarrerak salgai webgunean (www.nikeremaitezaitut.eus/ ). Sarrera fisiko batzuk ere salgai jarriko dira Durangoko Azokan. Denak 15 euroan izango dira salgai, pistakoak zein harmailetakoak.
Agurtzane Intxaurragak (ikuskizunaren zuzendari artistikoa), Ane Labakak (ikuskizunaren gidoilaria), Amagoia Mujikak (Maite Zaitut Kultur Elkarteko kidea) eta Nerea Godoyk (Maite Zaitut Kultur Elkarteko eta Bizipozako kidea) aurkeztu zuten atzo egitasmoa. Bi hamarkada joan dira euskal herritarrengana -«euskal irritarrengana», sustatzaileen esanetan- iritsi den “Maite zaitut” kantuak argia ikusi zuenetik. «Behin batean, maitatzen zekien herriari ‘maite zaitut’ esaten irakatsi zioten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Orain, ereserki bilakatutako abestiak hogei urte beteko dituenean, merezitako ‘maite zaitut’ ozena eskaintzeko herri omenaldi bat antolatu dugu. Nork bere bizipenak izan ditu pailazoekin, eta guztiek osatzen dute irrien herria. Elkarrekin esan nahi diegu ‘maite zaitut’ hala esaten irakatsi zigutenei».
Esku askok jositako ikuskizun hunkigarri eta dibertigarria izan dadin espero dute sustatzaileek. «Denok haur bilakatzea izango da helburua, sudur gorria jantzi eta pailazoen unibertso magikora jauzi egiteko. Oholtzan, ordea, ez dira pailazoak eurak ariko: haiek oholtzatik zein publikotik omenduak izango dira».
«PRIBILEGIOA»
«Esan ote diegu nolako pribilegioa daukan Euskal Herriak haiekin? Segur aski ez diegu esan merezi duten moduan, merezi bezain ozen», jarraitu zuten. «Izan ere, 1987an -egoera soziolinguistiko eta helburu jakinekin- beraien ibilbideari ekin ziotenetik, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek belaunaldi askori utzi diote arrastoa bidean, jendarte oso bat eraikitzeko oinarri eta zimenduak jarriz. Euskarara etorri direnei beso-zabalik, pertsonak lehenetsi dituzte beti mapen aurrean, eta aniztasunaren bandera guztiak haizatu, tinko», nabarmendu zuen Mujikak.
Katxiporretako pailazoek mundu-ikuskera bat landu dute urte hauetan guztietan, beren pertsonaia eta ikuskizunen bitartez pailazogintza irauliz. Eta, gaztetxoenak munduari begiratzeko modu horretan hezteko aitzakian, tresna eraldatzaile eta pedagogiko bilakatu dira helduentzat ere, antolatzaileen esanetan.
«Hori guztia bada nahikoa ekarpen, tamaina bereko eskertza bat gorpuzteko eta, haiek askotan abestu duten moduan, «eman eta jaso» logikari modu kolektiboan erantzuteko. Horregatik, maiatzeko hitzordu berezi horretara den-denak bertaratzea nahi dute: haurrak, gazteak, helduak, zaharrak, familiak, norbanakoak, bikoteak, hirukoteak, lagun-taldeak, lankideak, ikaskideak, bizilagunak… Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek arrastoren bat utzi dietela sentitzen duten guztientzako lekua izango da bertan: 14.000 bihotz elkarrekin, taupa-taupa», adierazi zuten.
«Haiek sortzen duten atmosfera berezi hori bueltan ematea da erronka», Intxaurragaren hitzetan. «Ikuskizun eder bat izango da, diziplina anitz bilduko dituena. Dibertigarria bezain dinamiko eta hunkigarria. Ez da pailazoen ohiko emanaldi bat izango; haiek oholtzatik eta publikotik omenduak izango dira. Baina pailazoei ikasitako mundu ikuskeratik, Euskal Irri horretatik, bihotzez jositako ikuskizun bat eskaintzea da helburua», kontatu zuen.
Urte luzez euskaldunon soinu bandaren parte diren 500 kantetatik 10 eta “Maite zaitut” hautatuko dituzte «dramaturgiari zentzua emateko», esan zuen Intxaurragak.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
