Musika tradizionala Bilboko Musika Bandarekin kateatu du Korrontzik
Trikitia eta bandako musika uztartzea ez da lan erraza, partituratik bertatik hasita. Hala ere, erronkari heldu zion Korrontzi taldeak eta, Bilboko Udal Musika Bandako 60 lagunak Adunako Elkar estudioetan estu asko sartuta, bi generoak batzen dituen disko bikoitza grabatu dute. “Korrontzi Band” da esperientzia horren emaitza.

Korrontziren errepertorioari beste modu batera begiratzeko gonbidapena da ‘‘Korrontzi Band’’. Disko bikoitz honetan Agus Barandiaranek gidatutako taldeak aspaldian esku artean zuen erronka bati heldu dio: musika banda batekin batera disko bat grabatzea.
20. urteurreneko ospakizunean bete-betean sartuta dabiltzan honetan etorri zaie abagunea eta, Bilboko Udal Musika Banda bidelagun dutela, trikitia eta banda-musika kate berean lotzen dituen proiektua gauzatu dute.
«Guretzat erronka handia izan da -esan zuen Barandiaranek-. Azkenean, trikitixan bi pentagrama idatzi behar ditudalako eta hori bandak behar dituen 60 pentagrametara eramatea zaila da». Zeregin horretarako Xabier Zabalaren jakintza baliatu dute; bera izan da moldaketa guztiak egin dituena eta horregatik oso eskertua agertu zen Barandiaran, «paper gainean ideia polita zelako, baina gero ezinbestekoa zen musikari guztiei zer jo behar zuten esatea. Kristoren lana egin du».
Jose R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musikari Bandaren zuzendariari ere egin zion eskertza, batez ere grabaketan erakutsitako jarreragatik. Izan ere, Elkarrek Adunan duen estudioan egin zuten grabaketa: 60 musikari sartu zituzten bertan. «Estudioa primeran dago baina 60 musikari bertan sartzea, tronboi eta guzti... batek beroa zuela, besteak hotza... Vilaplanak pazientzia handia izan zuen eta trikitilari bat eta banda uztartzeko modua bilatu zuen. Bera Valentziakoa da, Valentziako gaitarekin izan du gaztetatik harremana eta musika tradizionala bizi izan du, eta ulertu du trikitixaren lengoaia hori», nabarmendu zuen.
Diskoa zuzenean entzuteko aukeraz, «nik uste kontzertu gehiago emango ditugula bandarekin. Hor gabiltza», iragarri zuen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
