«Zenbaki gorriak»: Toure detektibea Bartzelonan, saileko 11. eleberrian
Bartzelonako El Raval auzora heldu da Mahamoud Toure detektibea sagako 11. nobelan: “Zenbaki gorriak”. Atzo aurkeztu zuen Jon Arretxe idazleak, eta eleberria osatzeko egin duen ikerketa lanaren xehetasun batzuk eman zituen. Telesailaren bigarren denboraldia izango dela ere iragarri zuen eta, RTVEn eta EiTBko Primeran plataformetan ikusgai egoteaz gain, Netflixek ere eskubideak erosi ditu.
Jon Arretxek “Zenbaki gorriak” (Erein) aurkeztu zuen atzo, “Toure detektibea” sagako 11. nobela. Kasu honetan, istorioa Bartzelonan gertatzen da, Mahamoud Toure Las Palmasetik bueltatu ondoren.
Kataluniako hiriburuan, «inoiz baino okerrago» pasatuko du burkinafasoarrak. Inazio Mujika editoreak lagunduta, Arretxek bere eleberri berriari buruz hitz egin zuen hedabideen aurrean Donostian. “Zenbaki gorriak” kontakizunean Bartzelona «etsai» bezala aurki dezakegu, bazterketa soziala eta arriskuzko egoerak kontatzen dituen istorio baten bidez.
Konde-hiriko aurpegi hori ezagutzeko, Arretxek El Raval auzoko ostatu batean gau batzuk igaro zituen, «beste era batean ezin izan zitekeenez», ikerketa lana burutzeko, bere aurreko liburuekin egin duen bezala. Basauriko egileak frogatu zuen oso ondo ezagutzen duela Ciutat Vella barrutian dagoen auzo hori: «1992ko Olinpiar Jokoetarako saiatu ziren auzoa berpizten, baina porrot hutsa izan da. Gaur egungo El Raval inoiz baino txarrago dago: ehunka edo milaka pertsona kalean lo egiten, narkopisu pila bat, lapurretak, ziurtasunik eza, jendea bazterretan botata... Koktel nahiko tristea, baina oso leku aproposa, nobela beltza idazteko».
Bere «itxurari esker», Arretxek ez du inoiz arazorik izan El Raval bisitatu duenean. Izan ere, bere janzteko erak hango biztanleek bi modu ezberdinetan ikustea ekarri dio: «Askotan pentsatu dute polizia sekretua naizela, arazoren bat ikusten dudanean urrunetik begiratzen geratzen naizelako. Bar Marsellan, zerbitzariak txarto begiratzen zidan eta ez zidan kasurik egin nahi».
Bestalde, ondo «mimetizatzen» zen janaria banatzen duten elkarteen egoitzetan. «Gizon latino batek galdetu zidan: “¿Aquí cuándo nos dan de comer?”, pentsatzen zuelako janaria eskatzera joan nintzela», gogoratu zuen barre artean.
Bilboko San Frantzisko auzoan ez bezala, Bartzelonan Toure «bakar bakarrik dago». Kalean lo egin behar izateaz gain, ez dauka ezer jateko, eta «giri lapurra» bihurtzen da Barceloneta hondartzako inguruan, eta «txapero» ere arituko da Toure.
Azkenean, lagunduko dion jendea aurkituko du nobelan barrena. Testuinguru honetan bizi behar du Tourek lehenengo egunetan, Las Palmas atzean utzi ondoren “Musker amarruak” azken liburuan, Katalunian «gauzak ondo aterako zitzaizkidala» pentsatuz.
Hala ere, nobela honetan «inoiz baino egoera okerragoan» bizitzea tokatu zaio Toureri.
Esate baterako, lehenengo gauean jipoitu nahi zuten neonazi talde batengandik ihes egin beharko du, eta ipurdian labankada batekin amaituko du.
Arretxek aitortu zuen pasadizo hau erreala dela, EiTBko seriean Toure pertsonaia egiten duen Malcolm Treviño-Sitte aktoreari Madrilen gertatutakoa.
TELESAIL ARRAKASTATSUA
Hain zuzen ere, Arretxek baieztatu zuen “Toure detektibea” telebistako seriearen bigarren denboraldia egingo dela.
«Gidoiak bukatuta daude. Bakarrik falta da babesle handiek pausoa ematea», adierazi du.
Printzipioz, kontuan izaten badugu bai RTVEn bai EiTBko Primeran plataforman oso harrera ona izan duela serieak, ez da zaila izango albistearen konfirmazioa jasotzea. Netflixek ere “Toure detektibea” seriearen eskubideak erosi ditu.