GARA
BILBO
FUTBOL KOPA

Bakaldok ezustekoa bilatuko du Ferrolen aurka

Kopako bigarren fasea jokatzen ari da aste honetan eta euskal talde guztien txanda izango da gaur, Athleticen salbuespenaz -Kopako txapelduna den aldetik, hurrengo fasean hasiko du Kopako ibilbidea-. Bigarren kanporaketa honetara iritsi diren euskal ordezkariak Alaves, Barakaldo, Osasuna eta Reala dira.

Bakoitzaren helburu nagusia partida irabazi eta txapelketan aurrera egitea izan daitekeen arren, bakoitzaren asmoak ezberdinak izan daitezke. Kirolean askotan aipatzen den presioak faboritoei kalte egin diezaieke, eta hori baliatu nahiko du, hain zuzen ere, Barakaldok. Estatu mailako hirugarren kategorian -1ª RFEF- jokatzen du talde bizkaitarrak eta Ferroleko Racing jasoko du 20.00etan Lasesarren. Galiziarrak iaz txukun ibili ondoren, Bigarren Mailako sailkapenean larri antzean dabiltza, eta larritasun hori baliatu nahiko dute Barakaldokoek, ezustea eman eta umilentzat hain erakargarria den Kopan aurrera egiteko.

LEHEN MAILAKOEK, ZIURTASUNA

Lehen Mailako taldeen kasuan aurreikuspenak bete beharko dituzte. Alaves, Reala eta Osasunak haiek baino bi kategoria beherago jokatzen duten taldeak bisitatuko dituzte eta garaipena ziurtatu beharko dute.

Osasunak Ceutan jokatuko du, 19.00etan; Arnaiz eta Bryan deialditik kanpo geratu dira. Alavesek entrenatzaile berria (Coudet) estreinatuko du Deportiva Mineraren aurka 21.00etan. Realak, Take Kubori eta Aguerdi atseden emanda, Conquense bisitatuko du 21.00etan.