GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI

Moriartitarrak euskarazko hurrengo lana filmatzen ari dira: «Maspalomas»

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariak, Moriarti ekoiztetxeko kideak, “Maspalomas” fikziozko seigarren lan luzea filmatzen hasi dira 35 mm-ko formatuan; euskaraz izango da eta Euskal Herriko eta Kanarietako hainbat tokitan grabatzen ari dira. Jose Ramon Soroiz sartuko da protagonista nagusiaren larruan; zahar-egoitza batean sartuko duten 75 urteko gizonezko homosexual batena egingo du.

Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, Donostian.
Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Inspirazioak lanean harrapa zaitzala» esan izan ohi da; inspirazio faltarik ez, baina aparretan dauden unean lanean tinko harrapatu ditugu Moriartitarrak. “Marco” zinema aretoetan ibilbide arrakastatsua izaten ari den une berean eman dute albistea: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariak, Goenagaren jatorrizko gidoiarekin, “Maspalomas” fikziozko seigarren film luzea egiten hasi dira.

Filmari izena ematen dion Maspalomas Kanaria Handiko hegoaldeko muturrean dagoen hiria da. Pelikulako protagonista Vicente izango da; 75 urteko gizonezko homosexuala da eta hiri horretan bizi da bere bikotekidearekin batera. Tramako ekintza nagusiak bikotekideak uzten duenean hasiko dira; zahar-egoitza batean sartuko dute eta bertan bere identitatea ezkutatzea erabakiko du. “Armairutik atera” ordez, Vicentek “armairuan sartzea” erabakiko du. «‘Maspalomas’ filmak konfinamendu psikologikoen (eta fisikoen) eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa egin nahi du», azaldu zuen Goenagak.

Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti aktoreak ditu protagonista.

Duela bi aste hasi ziren filmatzen Euskal Herrian eta Kanaria uharteetan, eta zortzi aste inguruko filmaketa lana dute aurretik. Pelikulak dituen ezaugarrien artean bada bereziki deigarria den bat: 35 mm-an filmatzen ari dira. Zenbait zinegilek erabiltzen jarraitzen duten formatua da, kalitate bisual bereizgarria eskaintzen duelako eta irudiek atmosfera berezia jariatzen dutelako. Zinema tradizionalaren testura eta kalitatea mantendu nahi dutenentzat aproposa den arren, arlo ekonomikoan eta logistikoan zenbait erronka dakartza: kostu handiagoak, filmazio denbora mugatuagoa, lan tekniko eta edizio prozesu konplexuagoa eta abar. Erronka zinez ausarta eta txalogarria. Adinekoen egoitza filmatzeko aukeratu duten kokalekuaz hau azaldu du Arregik: «Ikastetxe bat izandakoa da, baina guk zahar-etxe bilakatu dugu. Nortasun handia duen lekua da eta bisualki oso boteretsua da, gure istorioari ezin hobeto doakion lekua. Istorioaren zati handi bat bertan gertatzen da».

INTIMISTA

Zinemagileen azken hiru film luzeek -“Handia”, “La trinchera infinita” eta “Marco”-, elkarren artean guztiz desberdinak izanik ere, partekatzen duten ezaugarri nagusi bat dute: beren aurreko lanek baino izaera zabalagoa dute, istorio “handiagoak” jorratzen dituzte, eta azken biak, gainera, gaztelerazkoak dira. “Maspalomas”, ostera, “Loreak” eta “80 egunean” filmek zuten begirada intimistara itzulera izango da, euskarazkoa, eta istorio “txikiagoa” izango du oinarri.

Urteak igaro ahala izugarri aldatu da homosexualitatea zineman irudikatzeko modua; 80ko hamarkadako pertsonaia estereotipatuek, pertsonaia mota eta istorio askoz ere errealistagoei bidea eman diete, adibidez. Estatu Batuetan eta zinema independentearen barruan jaiotako New Queer Cinema delako mugimendu zinematografikoak, 90eko hamarkadaren hasierara arte ez zuen bere hazkundea izan.

Urteetan zapaldua egon den LGTBI+ kolektiboak 1977. urtean antolatu zuen lehen manifestazioa Euskal Herri mailan, eta 4.000 lagun inguru bildu ziren.

Geroztik, apurka-apurka eskubideak berreskuratzen joan dira eta, errealitatean ez ezik, zazpigarren artean horien istorioak islatzen hasi dira; “Ander” (2009, Roberto Castón) eta “80 egunean” (2010, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño), esaterako, horren bi adibide esanguratsu dira. Itxura denez, “Maspalomas” multzo berezi horren barruan kokatuko den filma izango da.