Nafarroan euskara indartzeko lege berri bat eskatu du Kontseiluak
«Larrialditik indarraldira, Nafarroa osoan hizkuntza eskubideak bermatzeko unea da», defendatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak atzo Iruñean egindako agerraldian. Euskararen Foru Legearen 38. urteurrenaren atarian, urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu zuen.

Nafarroako Euskararen Legearen 38. urteurrenean, euskararen larrialdi egoera gainditzeko urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu zuten atzo Iruñean Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileek: Nafarroako Ikastolen Elkartea, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Sortzen, Errigora, EMUN, UEU, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.
Urteotan urratsak egin badira ere, ez dute uste aski direnik, «aurreko inertzia batzuek bere horretan» jarraitzen dutelako: «Nafarroan ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzea eta euskara laugarren mailako hizkuntza bihurtzea; euskarazko ereduan matrikulatzeko zailtasunak edota funtzionario elebidunak legez diskriminatzea euskara jakiteagatik».
Salatu zutenez, edozein erabaki hartzean «herritarren arteko kohesioari eragingo liokeen onurari baino, kontrakoen balizko oldarraldiari» begiratzen zaio gehiegitan, «euskaraz bizitzeko eskubidearen gainetik jarriz hirugarren batzuen kexak».
«Bidegabekeria asko» dago oraindik Nafarroan, baieztatu zutenez. Are gehiago, «oraindik herritarrei hizkuntza eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie».
«ORAIN DA GARAIA»
Igande honetan, abenduak 15, Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena izanen da, eta ulertezina iruditzen zaie Kontseiluari eta bazkideei «urte luzez euskaldunak zokoratzeko eta herritarren arteko bereizkeria are handiagoa sortzeko» abian jarri ziren hainbat neurri baliogabetu ez izana.
Aldarrikatu zutenez, «orain da garaia hurrengo urteetako politikaren oinarriak non kokatuko diren azaltzeko. Orain dagokie alderdiei esatea zein puntutaraino apurtu nahi duten urteetan euskaldunak diskriminatzeko abian jarri zituzten inertziekin». Horretarako, Nafarroako Gobernuari hamar gakoren gainean determinazioz aritzeko eskaera egin zioten, horietan guztietan bidelagun izanen dituela erranez.
DEKALOGOA
«Arkitektura juridikoa aldatzea» planteatzen da lehenik dekalogoan. «Euskarak Lege berri bat behar du, nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena». Bigarren puntuak dio Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen Dekretua behar dela.
Hirugarrenik, euskararen aurrekontua handitzea proposatzen da. Aurrekontu osoaren %2 izanen da gutxienez. Horrekin batera, hizkuntza politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.
Hezkuntzak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar duela dio laugarren puntuak, eta helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar dela, bosgarrenak. Arlo sozioekonomikoan neurriak hartzea; euskarazko hedabideak babestea; aisialdiaren euskalduntzea sustatzea; arnasguneak zaintzea; eta erabilera soziala eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak sustatzea dira hurrengo puntuak.
ADIERAZPENA
Iragan azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Eguna iristear zela, Kontseiluak “Larrialditik indarraldira” adierazpena plazaratu zuen. Bertan azaldu zuen euskararen biziberritzea moteldu den zantzuak daudela. Nafarroan, hamar ikasletik seik ez dute harremanik euskararekin beren ikasketa prozesu guztian, eta eremu euskaldunenetan ere erabilera soziala ahultzen ari da.
Iragarri zuten urte berria garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat. 2025eko abenduan mobilizazio handi bat eginen dute.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
