«Beti kantuan eta itzalean egondako emakumeei omenaldi bat da»
Irratian Benito Lertxundi, Xabier Lete, Julen Lekuona edota Urretxindorrak aditzea du gogoan Maixux Zugarramurdik, baina baserrietako sukaldeetan eta ganbaratan emakumeak kantari ezagutu izan ditu. Horiei guztiei ahotsa emateko, Zetak taldearekin batera “Hileta kanta nafarra” abestu du, eta Mitoaroa jaialdian izango da urtarrilean.

“Hileta kanta nafarra” abestia plazaratu berri du Zetak taldeak, eta badu protagonista berezi bat: Maixux Zugarramurdi (Goizueta, 1957). Bideoklipean Pello Reparazen ondoan kantari ageri da. Ez zuen halakorik espero honetara ezkero. Oso eskertuta dago bizi izandakoarekin: «Grabaketara izututa joan nintzen, ez nekielako mundu hau zer zen. Gazte pila batekin elkartu nintzen, eta haien amona banintz bezala tratatu ninduten. Super harro eta super eskertuta atera nintzen handik».
«Sua piztuta al daukak?», galdetzen omen dio Zugarramurdik anaiari bisitan joan aurretik, eta berak ere hala hartu gaitu Aranoko baserri ederrean, Beltsoko-Bordako sukaldean, sua piztuta eta kafesnea prest madalenekin, «beroan sartzeko». Ondoan ditu hiru alabak ere, Ainhoa, Arantxa eta Maider Ansa. Mitoaroan ere ondoan izango ditu, eta, «mari saltserak» deitzen badie ere, sumatzen da asko estimatzen dituela.
Txikitatik izan du kantua presente. Baina proposamena nola iritsi zitzaion galdetuta, oraindik harriturik kontatzen du: «Kanturen bat bai, baina Zetak taldea ez nuen ezagutzen. Eta egun batean alaba etorri zitzaidan eta esan zidan: ‘Ama, Pellok deitu dit, eta kantu baterako emakume heldu bat behar du. Zu behar omen zaitu’». Abestian parte hartzeko ideia Beltsoko-Bordako sukaldean ibili zen, eta bilobak omen zeuden harrituen: «‘Uau, amona, Zetakekin grabatuko duzu kantu bat?’, esaten zidaten. Eta begira, beraiei gutxienez hori ere geratuko zaie».
Senarra hil berria zuen proposamena heldu zitzaionean. Izenburuak zuzenean konektatu zuen berekin, «eta letra entzundakoan negarraldi on bat egin nuen», kontatzen du. 15 urtean Ozenki abesbatzako kidea izan da, eta alabekin batera “Artantxuriketan” emanaldia egin zuen, artoa zuritu bitartean baserriko kantuak eta kontuak uztartuz. Pandemia eta senarraren gaixotasuna zein heriotza tarteko, albo batera utzita zuen publikoki abestea. Bere esanetan, inoiz abeslaria izan ez bada ere, kantua egitea «ixteko brotxe ederra» izan da, bizitzan ahaztuko ez duena.
Arbizura joan zen grabaketara, Reparazen estudiora. «Grabatzeko plaka handi horren aurrean jarri eta... ufa», esaten du berak. Eta musika elektronikoaren inguruan galdetuta, beste bide bat deskubritu zuela azaltzen du: «Horrenbeste zarata, horrenbeste soinu… izugarrizko pazientzia eduki zuten nirekin».
BETI KANTUAN, BETIDANIK
Hamar senidetan zaharrena da Zugarramurdi; «neska, gainera», zehazten du berak, eta ondorioz bere eginkizuna baserrian umeak zaintzea izan zela kontatzen du. «Orduan ez zegoen ez mugikorrik, ez telebista edo irratirik, orduan umeak besotan hartu eta lo hartzeko kantatu egin behar zen. Kantari sumatu dut beti nire burua», kontatzen du irribarrez.
«Gure garaian, emakumea bazinen, egin behar zen ezkondu, umeak izan eta etxeko lanak; eta gutxi gehiago. Zenbat emakume geratu diren kantugintzarako balio zutenak eta biderik egin gabe. Nik uste, omenaldi txiki bat dela abesti hau. Ni ez naute aukeratu profesionala nintzelako, baina bai beti kantuan ibili naizelako batekin edo bestearekin, eta hau emakume guztientzako omenaldia izango da, beti kantuan baina itzalean egondakoentzat», adierazi du.
Kantari ona izateaz gain, kontulari ona da Zugarramurdi, eta hunkituta gogoratzen ditu gurasoen eskutik jasotako kantuak eta bertsoak: «Aita Oiartzungo Okillegi baserrikoa zen, oso kantuzale eta bertsozalea; aitzakia txikienarekin hasten zen kantuan. Amak ere kantu mordoxka bat bazekizkien, eta gogoratzen naiz artoa zuritu bitartean Markesaren alabaren bertsoak nola kantatzen genituen, bertso guztiak buruz, goitik behera». Jasotakoa hurrengoei helaraztea garrantzitsua iruditzen zaio: «Baina badakit orain oso zaila dela. Hala ere, transmisioa oso garrantzitsua iruditzen zait, eta euskaldunen artean oraindik are garrantzitsuagoa».
«Maiderrek [Ansak] behin esan zuen esaldi bat gustatu zitzaidan, eta askotan erabiltzen dut: zuk transmititzen ez duzun hori zurekin joaten bada hilobira, liburutegi bat erretzea bezalakoa da, hura ja ezin da errekuperatu. Dakizuna erakutsi egin behar duzu».
«Agur / Asko nuen esateko / Asko zuri emateko / Agur / Arakiletik dator Herio / Behar baino lehenago», esaten du abestiak, eta bideokliparen amaieran Reparazek erlauntz bati “kax-kax” jotzen dio; ansatarrek azaldu zidaten zergatia: etxekoren bat hiltzean erleei abisatzen omen zaie, argizari gehiago egiteko, hildakoari bidean laguntzeko. Kantuak, berriz, sukaldeetan geratu direnei goxatuko die bidea.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
