Elordi eta Zabaletak faboritoak zergatik diren erakutsi dute
Etxeberria eta Martija 2-8 aurreratu ziren, baina Mallabiko aurrelariaren ekimenez, partida bikain bat jokatu ostean, nagusi izan ziren gorriak Labriten eta txapelketako bigarren puntua eskuratu zuten.

Elordi eta Zabaleta dira Binakako Txapelketa Nagusia irabazteko faboritoak, batez ere bikote moduan lan egiten badute. «Atano III.a pilotalekuan erakustaldia eman zuen Jose Javierrek; gaur gozakaitzago ikusi dut, baina behintzat lagundu ahal izan diot irabazteko», adierazi zuen Aitor Elordik atzo, Etxeberria eta Martija mendean hartu ondoren. Mallabikoa eta Etxarrengoa 2--8 atzetik ibili ziren, urdinek suziriaren pare ekin ziotelako partidari. Alabaina, bikotea osatuz, eta urdinek fisikoki beherantz egin ahala, buelta eman zioten norgehiagokari.
Hori bai, gezurra dirudi hiru jardunaldiren ostean Etxeberriak eta Martijak oraindik punturik pilatu ez izana. Kostatu behar zaie partida hasiera hain aparta errepikatzea; baina maila horretara hurbilduz gero, ez dira bikote asko erritmo horri eusteko gai. Akaso, Amorebieta Etxanon ostiralean Larrazabal eta Albisu bost tantotan laga zituzten Laso eta Iztueta, edo antzekoren bat.
Partida oso ona izan zen, aurreneko tantoa aldrebes samarra izan bazen ere, Martijari ihes eginda urdinek egin zutena. Hala ere, bigarren tantorako, partida gogorra zetorrela argi geratu zen, Etxeberriak atzean zabalera botata aurrera atera zutena. Aurreneko jardunaldi bietan galtzaile bukatu ondotik, Etxeberria eta Martija ez ziren ipuinetarako kantxaratu, nonbait, nahiz eta jakin Zabaleta eta Elordi oso arriskutsuak direla.
LENTILLAREKIN LANAK
Erreboteko zuloraino Etxarrengo atzelariak bota zuen aurreneko kanoikadak argi laga zien urdinei gorrien arriskua zenbaterainokoa den, eta hurrengoan, berriz, Aitor Elordik, Zabaletaren aurrelari laguntzailea baino zeozer gehiago badela erakutsiz, tanto aparta egin zuen txokoan.
Etxeberria eta Martija ez ziren kikildu Elordi eta Zabaletaren indar erakustaldia zela-eta, eta Mallabiko aurrelariaren erremate oker bat baliatu zuten markagailuan berriz ere alde egiteko. Etxeberria aspaldiko partez oso fin aritu zen aurreko koadroetan, baina Martija «pianista», atzelari lehiakorra ez ezik, eskuinez fresko dagoelarik astintzen ere badakiela erakusten hasi zen. Ezin esan Zabaletari bizkarra erakutsi zionik, baina Etxeberriak Elordi ezker-eskuin behartu ostean, Etxeberriko atzelariak ere ondo atzeratzen dakiela erakutsi zuen.
Gorriek beraien hirugarren tantoa lortzerako -Zabaletak ezustean lurretik dejada bota ondoren-, urdinak 8raino iritsita zeuden, 2-8koan gorriak atseden hartzera behartuz. Hain zuzen, 2-8ko atsedenaldi horretan Zabaleta presaka joan zen aldagelara, Martijaren pilotakada bikain bat airez eraman ezinik geratu ostean. Antza, lentilla batekin arazoa zuen. «Begi batetik ia ez nuen ezer ere ikusten», adierazi zuen Etxarrengoak partida amaitutakoan.
Hurrengo tanto bietan Zenotzeko aurrelariak kale egin zuen, eta urdinen alde behar zuten tanto batzuek gorrien aldera erori ziren. Elordi, laguna estuasunetan ikusita, bikain moldatu zen, eta aurreneko atsedenaldira, 441 pilotakada jo eta gero, bikote gorria markagailuan 12-10 aurretik eramatea lortu zuen.
URDINAK GAINBEHERA
Ezkerrez bi hormako bikain batekin, Etxeberriari atsedenaldiak mesede egin ziola kantxaratu zen. Nolanahi ere, hurrengo tantoan ez zen horren egoki aritu, eta defentsan erraz eraman ohi duen pilotak behera erori zitzaion nabarmen.
Elordi eta Zabaletari irabazteko, hutsegite gutxi dira onargarriak, are gehiago aurrelari bizkaitarra bere atzelariaren konpartsa baino gehiago dela erakusten aritu zelarik. Eta Etxeberriak, ahaleginak ahalegin, kontzentrazioa apur bat galdu ote zuen... Bigarren atsedenaldira iristerako, 18-11 jartzen zuen markagailuak, Mallabikoak ezker gantxoz emandako erakustaldiaren ondotik. Apustulariak ere lasai ziren azkenean, hasieran dirua harrika bota eta 2-8koarekin majo estutu eta gero.
Urdinek, galduta ere, burua tente zela galtzea erabaki zuten eta azken oldarralditxo bat izan zuten. Behintzat 20-15eraino hurbiltzea erdietsi zuten, baina Elordik itxaropen guztiak kendu zizkien urdinei. Hasteko errestoan tantoa egin zion Etxeberriari eta azkena, berriz, bere partida bikaina sakez biribilduta, Zenotzeko aurrelariari errestoak gora alde egin baitzion. Elordi eta Zabaleta dira Binakako Txapelketa irabazteko faboritoak; atzoko norgehiagokan erakutsi zuten zergatia: bikote handia egiten dutela erakutsi zuten.

El sindicato ALMA se solidariza con el guionista de «Allí abajo»

«Gure burua defendatzeko erabakimena zigortu nahi dute»

Bilbo, Donostia, Iruñea, Lekaroz... los vídeos inéditos de la Guerra del 36

Roto el orden, Andoni deja paso a la ambición de Aitor
