Txipa aldatu, zure esku
Gaueko ordu txikerrak dira, euri-jasa polita eta giro hotza. Telefonoak jo du paperik gabeko rider gazteak biltzen diren izkinan. Lakuatik egindako deia. Riderren bat atoan joateko Gobernuko egoitzara, arin batean, gutun-azal bat hartu eta, ez hain arin orain, Otxandiora eroateko deia. Are gehiago, patinetea nahiago dutela, motozikleta baino; inportanteena dokumentuko irteera ordua da, ez helduerakoa. Egoitzako atzeko atean egongo direla zain, argi gorri baten azpiko atetxoan, horrela amaitu du deia ahots eten batek. Hori bai, aurretik bitan esanda elikagai galkorrak garraiatzeko hotz-kaxa beharrezkoa dela zerbitzu horretarako, nonbait ordu eskaseko iraungitze datako zera baita zer hori. Eta hara joan da rider gaztea, zera hartu eta hara! abiatu egin da Kantauri aldeko urak eta Ebrokoak banatzen dituen banalerroko herrirantz. Gerora riderrak komentatuko zidan Lakuatik irten eta handik gutxira hasi zela konturatzen azaleko gutuna urtzen ari zela eta halako haritxo likatsua ari zela uzten errepidean luze… Total, garbitu behar izan zuela patinetea, izkinara bueltan, presiopeko ur txorrotadaz, bere kontura. Zertara zetorren hau? A, bai, aurrekontuak! Aurrekoek onartuko dituzte kontuok, kontu kontari ibilita, gehiengo bakartiaz onartu ere.
Txipez aldatu eta txipetara noa. AEBak eta Txina mokoka dabiltzala irakurri dut Ekonomia sailean, Geologiakoan izan zitekeen arren. Ekialdekoek omen dute abantaila txipen borrokan, eurek kontrolatzen baitituzte gehien lur arraroen hobiak. Jakin izan balu hori arroka-amak! Abortatu egingo zukeen! Galioa, germanioa, antimonioa… preziatuen artean dira. Eta ni, lerdo modura, Europako mapan begira Antimonio estatua non den, beste horiek izan badutelako estatua! Ama! Euskaldunok ez dugu hobi handirik baina ikasia dugu txipa aldatzen! Kontuetan ere!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
