Alaia SIERRA
GASTEIZ

LAB aurrekontu «duinen» alde aldarrika, legebiltzarretan

Gasteizen eta Iruñean, parlamentuen aurrean egindako elkarretaratze banarekin, LAB sindikatuak aurrekontu «duinekin» politika publikoak «benetan» aldatzea eskatu zuen atzo.

LABek Gasteizen egindako elkarretaratzea.
LABek Gasteizen egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Nafarroako Legebiltzarrean gaur eta EAEkoan bihar bozkatuko dituzte datorren urterako aurrekontuak. Aurretik, LAB sindikatuak mobilizazio bana egin zuen atzo bi hiriburuetan, parlamentuen atarian, aurrekontu «duinekin» politika publikoak «benetan» alda ditzatela exijitzeko.

Gasteizko elkarretaratzean Irati Tobarrek sindikatuaren izenean azaldu zuenez, onartuko diren aurrekontuak «ez dira langileen aldeko neurriak jasotzen dituztenak» eta «diru gehiago eduki lezakete politika fiskalak aldatuz gero».

Hori dela-eta, hiru aldarrikapen eraman zituzten kalera: «langileen aldeko politikak eta zerbitzu publikoei lotutakoak hemen erabaki behar direla, zerbitzu publikoak indartu behar direla eta pribatizatutako zaintzako langileak langile publikoak direla».

Euskal Herrian erabakitzea aldarrikatzen dute hauek, besteak beste, hauek adosteko: publifikazioak; bizitzaren garestitzeari aurre egiteko soldatak; jardunaldia; lan kargak arintzea; enplegua sortzea eta egonkortzea; gazteberritze planak; birjartze tasak desagertzea eta behin-behinekotasuna murriztea; lan osasuna; neurri feministak, eta euskalduntzea.

Bestalde, aurrekontu hauek «neoliberalak» direla deitoratu zuten. «EAEn EAJk sustatzen duen lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren atzean negozioa, lagunkeria, eta prekaritatea besterik ez daude. Nafarroa Garaian, berriz, PSNk gidaturiko koalizio gobernua lankidetza publiko-pribatuaren eredua hauspotzen ari da, negozioari eta prekaritateari ateak parez pare irekiz; Osasunbidea eta Noploi Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatu nahi izatea da horren adibiderik garbiena», azaldu zuen LABek.

Eredu publiko-pribatuaz, Tobarren hitzetan, «Pradalesek defendatzen duen kolaborazio publiko-pribatuak prekaritatea ekartzen du, lagunei dirua ematea eta negozioa delako». «Oso kezkagarria da, pribatizatuta dauden zaintzako langileen kasuan administrazioak izan direla pribatizatu dituztenak», gaineratu zuen.

LABen iritziz, halaber, Imanol Pradalesen Gobernua Urkullurenaren «jarraipen hutsa» da, «formetan aldaketa irudikatu nahi izan duten arren». Tobarrek esan zuenez, «aldebakartasunez eta inposizioz» jokatzen du Lakuako Gobernuak eta «atzo prentsan ezagutu genuen 4.000 postu atera direla eskaintzetan, baina ez dute hori gurekin mahai orokorrean negoziatu, ezta aurrekontuak ere». Nafarroako Gobernuaren kasuan, borrokan egon diren sektoreen aldarrikapenak kontuan hartzen ez dituztela salatu zuten.

«Mobilizatzen jarraituko dugu», adierazi zuen Tobarrek. Hala, urtarriletik otsailera hezkuntza publikoko kolektibo desberdinetan -sukalde eta garbiketan, haur eskola partzuergoan eta irakasleenean- egingo diren hamabi greba egunen berri eman zuen.

Gainera, Osakidetzako mobilizazioak gogora ekarri eta udaberrian pribatizatutako zaintzan mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi zuen.

«Sektorez sektore, honetan jarraituko dugu, benetan politika publikoak aldatu behar direlako, pribatizazioa gelditu behar delako eta hemen erabaki behar dugulako langileoi dagokigun guztia».