EAJ eta EH Bildu, eserleku berdinketa historikoa Legebiltzarrean
Apirileko hauteskunde gaua estutasun handiz bizi izan zuen EAJk, lehen aldiz EH Bilduk Legebiltzarrean eserlekuen berdinketa lortu baitzuen. Hala ere, jeltzaleek baztertu egin zuten EH Bildu gobernua osatzeko elkarrizketetatik eta PSErekin inoiz baino kontseilari gehiago dituen Gobernua adostu zuen.

Apirilaren 21eko hauteskunde gaua ez zen samurra izan Sabin Etxean. Jelkideek azken lau hamarkadatan EAEko hauteskundeetan izandako nagusitasuna kolokan ikusi zuen lehen aldiz, EH Bilduk emandako jauzi historikoaren ondorioz. Izan ere, koalizio abertzaleak azken urteetan izandako igoerari eutsi zion eta 340.000 bozkako langa gainditzea lortu zuen, inoiz eskuratutako boto kopururik handiena. EAJ aldiz, 370.000 botorekin geratu zen.
Ondorioz, EH Bildu 21 eserleku izatetik 27ra pasatu zen eta EAJ, aldiz, 31tik 27ra jaitsi zen, berdinketa historikoa lortuz. Baina behin betiko emaitzak ezagutu arte, hauteskunde gaua estutasun handiz bizi izan zuen EAJk, Gipuzkoako azken aulkia PSEk EH Bilduri kendu ziola jakin zuen arte. Izan ere, azken orduko aldaketa horrek koalizio independentistak hauteskundeak irabaztea eragotzi zuen, eta hori zen alderdi jeltzaleak zuen beldurrik handiena, porrota suposatuko bailuke. Ez zen hala gertatu, eta jelkideek lasaitu ederra hartu zuten.
Hirugarren postua PSE alderdiarentzat izan zen, 149.000 boto eta 12 aulki eskuratu baitzituen, aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago. Hala ere, bozka kopuruan ez zuen igoerarik izan foru hauteskundeekin alderatuz gero eta, gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zuen herri bakar batean irabazi. Hala eta guztiz ere, alderdi horretako buruzagiek oso jarrera exijentea erakutsi zuten lehenbiziko momentutik, jakinik beraien babesa ezinbestekoa zitzaiola EAJri lehendakaritza mantentzeko.
Laugarren postuan PP alderdia geratu zen, zazpi eserlekurekin, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago. Vox-ek legebiltzarkide bakarrarekin jarraitzen du. Eta kolpe handiena Elkarrekin Podemos-Alternativa Verde alderdiarentzat izan zen, sei eserleku izatetik batere gabe geratu baitzen. Eserleku bat lortu zuena Sumar izan zen.
Zenbaki hauek esku artean, jelkideek argi utzi zuten, lehen egunetik bertatik, Gobernua osatzeko elkarrizketetan EH Bildurekin hitz egiteko asmorik ez zutela, 30.000 bozkako abantaila besterik lortu ez arren. Itxaso Atutxa BBBko lehendakariaren hitzetan, PSE «lehen aukera eta bakarra izango da».
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere erabateko immobilismoaren mezua bidali nahi izan zuen eta argi utzi zuen baita ere EH Bilduren gorakada indartsuak zein Gasteizko Legebiltzarrean sortutako gehiengoek ez zituztela EAJren aliantzak edo gobernu moduak aldatuko. «Gobernatzeko modua ez da aldatu behar Bildurenagatik, ez dugu perspektiba galdu behar. Bilduk ezin gaitu gainontzekoak baldintzatu, bigarren indar politikoa da eta ez du inorekin berdintzeko gaitasunik erakutsi, inorekin gobernatzeko. Beren isolamendua bizi dute», esan zuen.
EAJk eta PSEk hartutako bide baztertzailearen aurrean, hala ere, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak ekimena hartzeko asmoa erakutsi zuen eta «nazio proiektu» bat eraikitzeko proposamena egin zien bi alderdiei. «Parlamentu berrian gehiengo abertzale subiranista zabala dago, eta gehiengo ezkertiarra. Herri agindu horretatik abiatuta, indar politiko nagusien arteko elkarrizketa ezarri daiteke herrialdearen etorkizunari buruz. Eta horretarako garaia da orain», nabarmendu zuen.
Enplazamendu horri muzin eginez, EAJk eta PSEk aurreakordioa itxi zuten ekainaren 10ean Lakuan koalizio gobernua osatzeko.
Egun batzuk geroago, Gobernu berriaren osaketa plazaratu zuten, Imanol Pradales lehendakari eta Mikel Torres lehendakariorde bezala aurkeztuz. PSEk lehen egunetik egindako presioak emaitzak izan zituen, eta azkenean bost kontseilari eskuratzea lortu zuen. Horretarako, ordea, inoiz baino gobernurik zabalena osatu behar izan zuen Pradalesek, hamabost kontseilarirekin, Legebiltzarrean gobernuarentzat gordeta dauden eserlekuak baino gehiago.
GOI KARGU GEHIAGO
PSEren eskakizunetara egokitzeko gobernu handiagoa osatzeko erabakiak goi kargudunen eta aholkularien gastu orokorra handitzea ere ekarri du.
Horrela, 2024rako aurreikusitako 22,8 milioitik 27,4 milioira igoko da Jaurlaritzaren maila gorenei zuzendutako gastua, hau da, %20,7 gehiago, nahiz eta kontu orokorrak %4,7 besterik igo ez diren, Osasungintzakoak %4,4 eta Hezkuntzakoak %3,9.
Zehazki, «goi karguen» partida 15,43 milioitik 18,29 milioira igoko da (%18,5 gehiago). Bitartean, aholkularien gastua 7,36 milioitik 9,14 milioira handituko da, 2024ko aurrekontuen aldean %24 gehiago.
Kargu eta aholkulari kopuruari dagokionez, Iñigo Urkulluren azken exekutiboko 176 goi kargu izatetik Imanol Pradalesen lehenengoaren 203 izatera igaroko da (%15,34 gehiago). Aholkulariak 101etik 121era pasatu dira. Aldi baterako 20 lanpostu gehiago dira (%20 gehiago), kategoria ezberdinekin, zuzendariak eta aholkulariordeak barne.
Era berean, Lakuaren aurrekontu proiektuak «erakundeen komunikazioan, publizitatean eta harreman publikoetan» aurreikusitako gastua %29,6 handitzea zehazten du.
Bestalde, EAJk, PSEk, PPk eta Voxek ertzain kopurua 8.000ko mugara eramatea onartu zuten urrian Legebiltzarrean. Akordio horren arabera, Legebiltzarrak Segurtasun Sailari eskatu dio 2025ean aurkez dezala 2027rako Ertzaintzako 8.000 plazak betetzeko plana. Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak bere taldearen abstentzioa iragarri zuen eta gogoratu 8.000 agente «Segurtasun Mahaiak ezarritako muga» besterik ez dela eta «ez dagoela muga horretara iristeko arrazoirik. Badirudi zenbaki magikoa dela, totem bat dela eta, 8.000 ertzain izanda, arazo guztiak konponduko direla».
Aurrekontuetarako konbinazio anitzak
Gasteizko Gobernu berria osatu eta sei hilabetera, Imanol Pradales lehendakariak bere lehen aurrekontuak aurrera ateratzea lortu zuen joan den abenduaren 20an, PSEren laguntza bakarrarekin eta oposizioko alderdi guztien kontrako bozkarekin.
EAJk eta PSEk beren gehiengo osoa baliatu zuten oposizioko alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota eta beren aurrekontuak aurrera ateratzeko.
Oso bestelako egoera bizi izan da Hego Euskal Herriko lau foru legebiltzarretan.
Gipuzkoan, esaterako, gutxiengoa duten EAJk eta PSEk, 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzeko, PP alderdiaren laguntza lortu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak kontra bozkatu dute.
Araban eta Bizkaian, ordea, kontrakoa gertatu da. Araban EH Bilduk akordioa lortu du herrialde horretako aurrekontuen norabidea aldatzeko. Izan ere, akordioari esker, aspaldiko partez, egoitzetan plaza publikoak sortuko dira, udalei diru gehiago emango zaie eta trantsizio ekosozialean aurrera egingo da.
Bizkaian ere EH Bilduk akordioa lortu du herrialde honetako Foru Aldundiarekin eta, ondorioz, abstenitu egingo da abenduaren 27 honetarako iragarrita dagoen bozketan, 33 milioi euroko neurri sorta baten truke. Neurri horien artean, besteak beste, etxebizitzari, trantsizio ekosozialari, zaintzari eta mugikortasunari dagokienak daude.
Nafarroan, azkenik, Maria Chiviteren Gobernuak aurrekontuak izango ditu berriro 2025ean, EH Bildurekin proiektuaren zuzenketak adostu ondotik. Kontuak babestu dituzten alderdien ustez, euren akordioak Gobernuaren egonkortasuna indartzeko balio izango du. J.S.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
