Ekonomia eta ingurumenaren arteko talka Urdaibain
Guggenheim Urdaibai museoaren proiektuak eztabaida hauspotzen jarraitu du onura ekonomikoen aurrean eskualdean sor ditzakeen kalteak plazaratu dituztenen artean.

Urtea Iñigo Urkullu lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak batera egin zuten iragarpenarekin hasi zitzaigun: bi urteko hausnarketa-aldia irekiko zen, 2025era arte, Urdaibaiko Biosfera Erreserban Guggenheim Museoa eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko. Iragarpena Legebiltzarrerako hauteskundeen gertutasunak nolabait behartuta heldu zen eta horrek proiektuaren bideragarritasunari buruzko zalantzak ugaritu zituen. Hala ere, handik gutxira, Bizkaiko Foru Aldundiak gauzak argi utzi zituen: prozesua ez zen ezbaian jartzen, «museoak nolakoa izan behar duen» baino ez zen aztertuko.
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak bat egin zuen Aldundiaren jarrerarekin eta proiektuaren bideragarritasuna defenditu zuen bere kanpainean. Bestalde, Guggenheim Urdaibai Stop herri-plataformak hausnarketa-aldia kritikatu zuen, mugimendu elektoralista hutsa zelakoan, eta gogor salatu zuen proiektuak ingurumenean nahiz eskualdeko bizimoduan izango lukeen eragin kaltegarria. Martxoan, plataforma horrek, beste hainbat gizarte-eragileren laguntzaz, «amarruak» erabiltzea leporatu zien instituzioei. Murueta ontziolak okupatzen zituen lurretan bideratu nahi zuten museoa, baina lursailen kontzesioa 2018an amaitu zen eta egun lursail horiek Estatuarenak dira, zero euroko katastro-balioa dutelarik.
Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak Muruetako lurrak erosteko prozesuari ekin zion formalki, eta bertan proiektua garatzea aurreikusten da. Carlos Alzaga diputatuak azaldu zuenez, bere asmoa lurrak jatorrizko egoerara itzultzea da, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren laguntzarekin.
1,3 MILIOI SINADURA
Uda iritsi zen eta polemikak geure mugak gainditu zituen. SEO/BirdLife eta Guggenheim Urdaibai Stop erakundeen ekimenez, 1.300.000 sinadura bildu ziren, Guggenheim Bilbaoren urteko bisitari-kopuru bera, hain zuzen ere, eta Solomon R. Guggenheim Fundazioari exijitu zioten proiektua bertan behera utz zezala, gune babestu baten eraldaketa atzeraezina saihesteko.
Irailean, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi zen Juan Ignacio Vidartek proiektua jendaurrean defendatu zuen, eta beren helburua Erreserban eragin positiboa izatea zela adierazi zuen, espazio degradatuak berreskuratuz eta turismo jasangarria eta kontrolatua sustatuz.
Bestalde, urrian, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota zituzten EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak hausnarketa prozesu bat irekitzeko edo proiektua bertan behera uzteko egindako proposamenak, EAJren eta PSEren botoekin. Horri erantzunez, Busturialdeko udal ordezkariek berretsi egin zuten «makroproiektuaren» gehiengoaren gaitzespena, herritarrei entzun ez izana salatuz eta mobilizazioetara deituz.
Abenduan, Imanol Pradales lehendakariak Guggenheim Urdaibairi emandako babesa berretsi zuen, eta inauguratu nahi zuela adierazi zuen, baina prozesua «ondo eta presarik gabe» egin behar zela zehaztu zuen, herritarrei entzungo zitzaiela eta ingurumen eta gizarte-gaiak bermatuko zirela ziurtatuz.
Promesa horrek, ordea, ez du oihartzun handirik izan eta herritarren gaitzespena argi eta garbi geratu da eskualdean burutu diren manifestazio jendetsuetan.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
