Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuak kezka handia sortu du
2025erako aurreikusita dagoen egitasmoak 450.000.000 euroko kostua izango du eta haren beharra zalantzan jarri dute hainbat hiritar eta erakundek.

Getxo eta Portugalete lotuko lituzkeen Bilboko itsasadarraren azpiko tunelaren proiektu erraldoiak eztabaida bizia sortu du Bizkaian 2024. urtean. Foru Aldundiak sustatzen duen proiektu horrek, 450 milioiko aurrekontua duenak, metropoli-eremuko mugikortasuna hobetzea du helburu, agintarien esanetan.
Hala ere, jende ugari kontra azaldu da, ingurumenean, gizartean eta ekonomian izan ditzakeen eragin kaltegarriak salatuz. Subflubiala delakoak, Ibaizabalen bi ibarrak ur-azpiko tunel batekin lotu nahi dituen azpiegitura proiektua da, Getxo eta Leioa arteko mugaren inguruan izango luke muturretako bat eta Trapagaran, Sestao eta Portugalete bat egiten duten puntuan bestea, gutxi gora-behera. Egitasmoaren aurka dauden eragileek iritzi dute asko direla tunel horren bideragarritasuna zalantzan jartzeko arrazoiak. Teknikoki oso konplexua dela diote, oso «areatsua» den zonalde batean egingo delako eta gainera, inguru «kutsatua» dela gogora ekarri dute, hamarkadez eskualdean egon zen pisuzko industriaren ondorioz.
Martxoan sortu zen “Subflubiala Ez” herri plataformak gogotsu astindu du egitasmo erraldoi horren kontrako bandera. Leioako Artatza parkean egindako lehen mobilizazioan, parkeko 3,5 hektareako okupazioa, oinezkoentzako hainbat pasabideren desagerpena eta trafikoaren %33 handitzea gaitzetsi zuen.
Plataformak hainbat ekintza antolatu zituen bere protesta agertzeko: bizikleta martxa bat apirilean, manifestazio bat ekainean… Baina ez dira bakarrik egon borroka horretan. Greenpeace erakunde ekologistak proiektua gelditzeko deia luzatu du baita ere. Euren ustez, txosten teknikoek ez dute ingurumenaren behar bezalako babesik bermatzen, eta beste konponbide batzuk bila ditzatela eskatu diete agintariei.
PARKEA ARRISKUAN
Paraje horietan bizi diren askok beren kontrako jarrera jakinerazi dute ozen eta garbi. Artaza-Erromo Institutukoek, adibidez, kanpaldi bat antolatu zuten irailean, hainbat kultur-jarduera eginez, edota ehunka pertsona bildu zituen martxa bat aurrera eramanez.
Hezkuntzako sindikatuek haien ahotsa altxatu dute ere. Beren datuen araberan, zarata 90 dezibelioraino heldu daiteke, eta obrek eragindako kutsadurak ondorio latzak sortuko lituzke hango ikasle, irakasle, zein langileen osasunean. Hori gutxi balitz, lanek eragindako eragozpenek dezente murriztuko lituzkete inguruko ikastetxeetako matrikulak. Hala ere, protestak eta zalantza teknikoak handiak izan arren, Aldundiak 2025ean hasi nahi ditu obrak, gizarteari egitasmo ikaragarri honen nondik norakoak argi azaldu barik.
Bilboko metroaren 4. linea, beste urtebeteko atzerapena
Metroaren 4. lineak, hiriaren hegoaldeko bizilagunek gogotsu espero duten egitasmoak, polemika zakarra sortu du bilbotarren artean. Hasiera batean, erakundeek Abando eta Basurtu lotuko zituen ibilbidea iragarri zuten, Irala eta Errekaldetik zehar pasako zena, alegia. Hala ere, auzune horietako biztanleek hasiera-hasieratik eskatu zuten trazadura berria Moyuatik igaro zedin, metroaren 1., 2. eta 3. lineekin lotura zuzena izateko.
Eztabaida areagotu da egitasmo honek Abiadura Handiko Trenarekin daukan mendekotasuna dela eta, horrek zeharo baldintzatzen baitu Abandoko geltokiaren eraikitzea. Oraindik amaiera-data argirik ez duen proiektu hori nabarmen atzeratzen ari da metroaren 4. linearen hedapena. Baina herritarrek ez dute AHTa amaitu arte itxaron nahi eta Moyuara joango den ibilbideari atzerapenik eta aitzakirik gabe ekin diezaietela eskatu diete erakundeei.
Egoera horri 4. linearen proiektuaren idazketan izandako atzerapenak gehitu behar zaizkio. Herritarrek, guztiz gogaiturik, konponbide azkarra eta eraginkorra eskatzen dute, azpiegitura hori funtsezkoa baita historian zehar erdigunetik deskonektatuta egon den eremuko mugikortasuna hobetzeko.A.A.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
